ARTEA

“Ertibil Bizkaia” erakusketak bideari ekin dio

Arte Plastikoen Ertibil Bizkaia Erakusketa Ibiltariaren XXXV. edizioa Rekalde aretoan abiatu da. Bertan, hamabost artistaren artelanak erakutsiko dira irailaren 10era arte. Ondoren Lekeitio, Leioa, Basauri, Bermeo eta Barakaldo udalerrietan egongo da.

XXXV. edizio honetara 83 artistek 120 artelan aurkeztu zituzten (pintura, eskultura, grabatua, argazkigintza, eta DVD-bideo) eta azkenean hamabost artista aukeratu dira erakusketa hau egiteko. Horien artean Sahatsa Jauregi Azkarate, Iñigo Varona Sánchez eta Karlos Martinez Bordoy saridunak izan dira. Sahatsa Jauregi Azkarateren Su tu tumba artelanak lehen saria jaso du, Iñigo Varona Sánchezen Particular del Norte artelanak bigarrena eta Carlos Martínez Bordoyren Don’t worry, you can’t get lost down here artelanak hirugarrena.

Ertibil erakusketa “sormenaren eta berrikuntzaren aldeko postura sendo eta erabakigarria da, gure herrialdearen panorama artistikoan eta gizarte baten isla argia dena” adierazi zuen Euskara eta Kultura diputatua Lorea Bilbaok.

Diogun bezala, erakusketa Bizkaiko sei udalerritatik igaroko da. Bilbon hasiko du ibilbidea, ekainaren 16an Rekalde Aretoan, eta bertan egongo da irailaren 10era arte. Ondoren, Lekeitioko Barandiaran Aretoan egongo da ikusgai urriaren 2ra arte, eta Ertibil Bizkaiaren hirugarren geltokia Leioako Kulturaren Erakusketa Aretoa izango da azaroaren 6ra arte. Basauriko Arizko Dorretxean azaroaren 13tik 27ra bitartean izango da, eta ondoren Nestor Basterretxea Aretora mugituko da erakusketa abenduaren 15era arte. Azken geltokia Barakaldoko Erakusketen Udal Aretoa izango da, eta bertan egongo da urtarrilaren 2ra arte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button