BERTSOTAN

“Errimak oinetan”, bertsoak dantzan

Haatik dantza konpainiak bertsolaritza eta dantza uztartzen dituen Errimak oinetan ikuskizuna taularatuko du gaur, apirilak 26, Andoaingo Bastero Kulturgunean. Unai Elizasuk eta Aiert Beobidek sortu dute ikuskizuna, eta bertsoak sortzen dituzten “sentipen eta emozioak” taularatzen dituzte.

“Bertsolariek sentipen eta emozioak harilkatzen dituzte entzuleengan. Baina entzule horiek dantzariak balira? Nola adieraziko lukete belarrietatik jasotako zirrara errimatua oin puntetan menperatzen duten dantzaren bidez?”. Errimak oinetan galdera horri egindako erantzuna da; hau da, bertsolaritza ardatz duen dantza emanaldia.

Beobide bera, Maitane Mujika, Onintza Odriozola, Garazi Lekuona, Gotzon Poza eta Iurre Aranburu dira Haatik taldeko dantzariak. Aurkezlearen off ahotsak gaiak jarri, eta dantzariek dantza egiten dute. Gai jartzailearen esanak eserita entzuten dituzte, bertsolariak balira bezala.

Mikel Urdangarin eta beste musikari ezagunen batzuen doinuak erabiltzen dituzte. Sustrai Colinak propio egindako bertsoak ere dantzatzen dituzte, Bixente Martinez, Hasier Oleaga eta Amaiur Cajaravilleren musikarekin jantziak. Musika eta ahots guztiak grabatuak direnez, dantza inprobisazioaren muina.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button