ARTEA

Erretratatutako emakumeen istorio pertsonala

San Telmo Museoan Milaka eskuren isilpeko lana izeneko erakusketa abiatu dute SOS Arrazakeria Gipuzkoa elkartearen laguntzarekin. Maiatzaren 10era arte egongo da ikusgai bertako Laborategian. Proiektu artistiko horrek jatorri atzerritarreko emakume etxeko langileen errealitatea ikusarazi nahi du erakusketa eta jardueren bidez.

Proposamen artistikoaren ardura Joseba Bontigui argazkilariak hartu du, eta emakume migratzaile langileen istorioak, bizipenak eta aldarrikapenak erakutsiko dira. “Haien erreibindikazioak ezagutuko ditugu, ikusezintasun-, deshumanizazio-egoeren, migrazio-doluen prozesuen eta lan-baldintzen ingurukoak”.

Ekimena bi helbururekin sortu da: batetik, argazki proiektu baten sormen prozesuaren berri ematea, eta bestetik, aurrez aurre begiratzera ausartzen ez garen errealitate sozial bat erakustea.
Erakusketa aurkezten den espazioan hainbat jarduera ere burutuko dira, eta gainera kolektibo hori osatzen duten emakumeen topagune ere bihurtuko da. Topaketa horien ondorioz, material berriak sortuko dira, eta zabalik dagoen denboran txertatuko dira erakusketan. Beste aldetik, aretoko gune bat estudio bihurtuko da, eta bertan aurrerago erakusketara gehituko diren argazkiak aterako dituzte.

Honela deskribatzen du Joseba Bontigui argazkilariak proiektua: “XXI. mendean, irudiak mundua definitzen eta aurkezten digun honetan, Milaka eskuren isilpeko lana proiektuak hurbiletik erakutsi nahi du arteak gizarte arazo bat izan dezakeela erreferente, sormen prozesuan abiapuntu gisa balio duena. Prozesu horretan lortutako argazkiak, irudietatik harago, erretratatutako emakumeen historia pertsonalaz hitz egiten duen narratiba baten emaitza izango dira. Erakusketa bisitatzen duenak emakume horien indarra eta boterea ezagutuko du, inguruan duten mundua, non emakumeak diren sostengatzaileak. Horrela, prozesuaren amaieran, ezaugarri diskriminatzaileak publikoak bere kabuz deskubrituko dituen ezaugarri positibo, partikular eta aberasgarri bihurtzea lortuko dugu”.

Erakusketa hiru esparrutan egituratzen da: lehen esparruan, lehen planoan ageri diren argazkiekin egingo duzue topo; bigarrenean, etxeko langileen eguneroko errealitatean murgilduko zarete;  eta azkenik, erretratuen galeria egongo da, aurrerago beteko dena.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button