LITERATURA

Errekak, mendiak eta galerak

Egunotan literatura lan zenbait jaso ditugu Nontzeberrin. Sonia Gonzalezek Erreka Haizea (Susa) idatzi du; Yan Lianke idazlearen Balou mendikateko balada (Maialen Marin-Lacarta eta Aiora Jaka Irizar itzultzaileak izan dira, Elkar); eta Gotzon Hermosillaren Gaur galtzea tokatzen da (Elkar) izeneko liburua.

Erreka Haizea: “Egunerokotasuneko bizipenetatik abiatu da Sonia Gonzalez liburu honetan, munduaren gaineko ikuspegi kritikoa emateko. Bizitzaren arrakalak disekzionatu ditu, eta zirrikituetan ezkutatzen diren sakoneko desberdintasunak, minak, ezin esanak azaleratu. Erreka haizearen epeltasun itogarria lagun, testu laburrez osatutako arnas luzeko liburua da hau. Harremanetan estutzen gaituzten botere desberdintasunez, isilpenaz, heriotzaren hautu kontzienteaz. Zoramenera eta heriotzara hurbildu eta zauriak sendatzeaz. Minaren geografia izan daiteke saiakera hau, edo bizitzarena berarena”.

Balou mendikateko balada: “Yan Lianke Txinako autore famatu eta polemikoenetako bat da. Hirurogei urte ditu eta, bere belaunaldiko beste autore batzuk bezala (Mo Yan esate baterako), armadan hasi zen idazle gisa. 2004an armadatik bota zuten Bizitzaren gozamena (Shouhuo) eleberria idatzi eta gero. Txinan autore saritua eta polemikoa da aldi berean; beraz, hiru eleberri Txinatik kanpo (Hong Kong, Taipei eta Singapurren) argitaratu behar izan ditu. Saritua eta zentsuratua izateak kontraesana dirudien arren, Txinako zentsuraren konplexutasuna islatzen du”.

Gaur galtzea tokatzen da: “Bi ipuin mota elkartu ditu Gotzon Hermosillak fikziozko lanekin bakarka osatu duen lehen liburu honetan. Batetik, taberna-zuloko istorioak: gauean noraezean bezala irten eta lokal jakin batzuetara jotzea, zer harrapatuko; dela droga legala, edo ilegala. Bestetik, han eta hemen giroturiko narrazioak: Galizian gerraostean Guardia Zibilaren zanpaketa, 60ko hamarkadan Euskal Herrian grebak apurtzeko eskirol gisa kontrataturiko migratzaileak, Meatzaldeko industralizazioaren lan-baldintza gogorrak, Txina urrunean kokaturiko kontakizun miresgarriak… Batean nahiz bestean, esku trebea erakusten du egileak, estilo fin eta argia idazkeran, eta argumentuak ederki josteko abilezia”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button