LITERATURA

Errealitatearen pitzaduretatik bizitzaren ifrentzua

Alberdania argitaletxeak Goiatz Labandibar idazlearen Hori zen dena narrazio-bilduma aurkeztu du. Obra 16 narraziok osatzen dute, errealitatearen pitzaduretatik, bizitzaren ifrentzua erakusten digutenak.

Hori zen dena lan berriaz, eta editorearen hitzetan, “senezko kontalari dugun idazle baten ekoizpen umotua dakar obra honek, heldutasun literarioaren adierazgarri. (…) . Maisuki darabil literatur hizkera itxuraz xaloa baina benetan landua, ez irakurlea txunditzeko, bai, ordea, irakurlearen arreta indar handiz erakartzeko”.

Protagonista gehienak emakumeak dira, eta amoranteen, ezagunen, bizilagunen, adiskideen edota ama-alaben eta aita-alaben arteko harreman liskartsu zein bareetatik jasotako pasadizoak kontatzen ditu.

Goiatz Labandibarrek liburuaren nondik norakoaz honakoa dio: “Hamasei narrazio hauek elkarrekin lotzen dituen haria harremanak dira, bikote harremanak edo familiako kideen artekoak, eta, gehienetan, bikote, sexu, harremanak agertzen dira”.
Liburuaren izenburuaz gogoeta eginez jarraitu du egileak: “Askotan gehiegi konplikatzen ditugu gauzak pertsonen arteko harremanetan, eta, gehienetan, gauzak ez dira hain konplexuak izaten. Hori zen dena izenburuak ongi laburtzen du narrazio hauen funtsa: esan nahi eta esaten ez diren gauzak, esatera ausartzen ez direnak… eta behin esan ondoren, misterioa galtzen dutenak”.

Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak (Elkar, 2013) da Goiatz Labandibarren lehen lana, Igartza Sariari esker argitaratua. Etxepare Euskal Institutuak eta Donostia 2016 Fundazioak 2016ko udan Poloniako Wroclaw hirian egonaldi artistiko bat egiteko idazle hori  aukeratu zuten. Argazkilari poloniar batzuek zein euskaldunek egindako argazki batzuetan oinarrituta hamabi ipuin labur egin zituen ekitaldi horretan. Fotogramak (Elkar 2016) obra idatzi zuen gero.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button