IKUS-ENTZUN

“Errealitate iragankorrak” zinema-ikastaroa, Artiumen

Juan Arrosagaray irakasleak bigarren mundu gerraren ondoko hamarkadetako zinemari buruzko ikastaro bat eskainiko du Artiumen, azaroaren 6, 7, 13 eta 14an. Horren osagarri azaroaren 8an eta 15ean, zinema-zikloa ere eskainiko da.

Ikastaroak Italiar neorrealismotik hasi eta nouvelle vague izeneko garairaino egingo du errepasoa,  sasoi hartako mugimendu, zuzendari eta pelikula entzutetsuenak aipatuz eta ikertuz.

Juan Arrosagarayk emango duen ikastaro hori lau saiotan banatuko da; gai zehatz batzuk ukituko dira (Free cinema ingelesa, Nouvelle Vague eta Rive Gauche, edo Ameriketako Estatu Batuetako zinema berria, adibidez), eta zinema ziklo txiki bat ere izango da, garaiko bi pelikula klasiko ikusteko aukera emango duena (The Loneliness of the Long Distance Runner Tony Richardson britainiarrarena, free cinema delakoaren ordezkari entzutetsuenetakoarena, eta Faces John Cassavetes iparramerikarraren, herrialde hartako zinema berriaren egile funtsezkoenetakoa).

Ikastaroa zertan den jakiteko, Artiumek  honela definitu du: “Testuinguru eta herrialde elkarren artean oso desberdinetan -Italia, Ingalaterra, Frantzia, Estatu Batuak- zuzendari batzuk -gazteak gehienetan- zinemaren industriaren aparatu ofizialaren aurka matxinatu ziren. Jarrera ez konformista eta berritzaile horretatik hainbat mugimendu sortu ziren, esate baterako italiar neorrealismoa, frantziar nouvelle vague eta rive gauche, free cinema britaniarra eta Estatu Batuetako zinema berria. Giro horretan sortu ziren Vittorio De Sica-ren Ladri di biciclette (1948) eta John Cassavetes-en Shadows (1959) bezalako pelikula suspergarriak, batzuk aipatzearren. Testuinguru artistiko eta historiko orokor batetik abiatuta, mugimendu berezi horietako bakoitzaren ezaugarri nagusiak aztertuko dira Errealitate iragankorrak ikastaroan, eta ordezkari nagusiak, haien lan garrantzitsuenak eta publikoak egin zien harrera ezagutuko dira. Era berean, korronte horien pixkanakako gainbeheraren arrazoiak eta egungo zineman oraindik ere duten eragina azalduko ditu Juan Arrosagarayk”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button