LITERATURA

Errateko nituenak eta Zangotraba

Bi titulu hauek dira, bihar eta etzi, Udal Liburutegiko Sotoan, 12:00etan, Erein argitaletxeak aurkeztuko dituen lan berriak. Lehena, Pello Salaburuk idatzi du; bigarrena, Juan Kruz Igerabidek.

Argitaletxeak jakinarazi digunez, Errateko nituenak, bidaia baten kronika da alde batetik, eta oroitzapen liburua bestetik. Pello Salaburuk 2012ko udazkenean Cuzcora egindako bidaiaren kronika da, 7 eguneko kronika bat. Hango eta hemengo gauzei buruz autoreak daukan iritzien azalpena ere bada. Aho bizarrik gabe mintzo da gure egoeraz eta bizitzaz. Esaterako, haur eta gazte garaiko pasadizo esanguratsuez, Euskaltzaindiaz, edota ETAren biolentziaz jarduten du, besteak beste.
Baina beste gauza bat ere bada Errateko nituenak: iritziaren eta kronikaren fikzioaren eta errealitatearen nahasketa erakargarri bat, prosa bikain batean garatua. Ekialdeko euskalkietatik euskara batuari ekarri sendoa egiteko saio eredugarria.

Asteazkenean, Pello Salaburuk Anjel Lertxundi idazlea izango du mahaikide lan berriarn ingurukoak azaltzeko.

Beste aldetik, Juan Kruz Igerabidek, Zangotraba lanean trantsizio garai zoroak kontatuko dizkigu. Pertsonaia, Joxe batzuetan eta Juan Fernandez besteetan, komikoa gertatzen da eta ez da falta umorerik kontakizunean. Adiskidetasuna eta traizioa tramaren muina dira. Ez da faltako poliziarekin elkar-hartze ilunik eta ETAren aurkako gerra zikinaren zipriztinik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button