ARTEA

Eroritako astroak ikus daitezke Bilbao Arten

Juana Garcia-Pozueloren (Logroño, 1978) Eroritako astroak pintura erakusketa paratu dute Bilbao Arte Fundazioaren erakusketa gelan azaroaren 25era arte. Fundazioaren iazko egitasmo artistikoak egiteko beka-programan burutu zuen Juana García-Pozuelok bere proiektua.

Artista errioxarraren hitzetan, “prozesu piktorikoa, mundura hurbilketa bat egiteko modua da, hura hobeto ezagutzeko bide bat, harengandik urruntzeko gogo paradoxikoaren eskutik”. Horrez gain, bere obrak autobiografiatik zerbait ere baduela uste du. “Obra guztietan dago autobiografikoa den zati bat”.

Bere koadroetan irudimenezko inguruetan txertaturiko etxeak agertzen dira. “Ezohiko eguraldi-gertaeren edo giro suntsitzaileen menpe batzuetan, sartuta dauden bakartasun eta mugiezintasun sentsazioa indartzen dutenak”.

Eraikuntzok, gainera, AEBetako eraikuntza tradizionalak dira, Hollywoodek ekoizturiko filmetan behin eta berriro errepikatu direnak. “Eraikuntza mota hori Europako estilo arkitektonikoen galbideratzearen ondorio da, eta horren adibideak ere egon badaude gure hiri paisaiako indianoen etxeetan eta luxuzko etxe jakin batzuetan”. Horiez gain, astroak, ilargia eta gaua etengabe agertzen diren elementuak dira. “Osagai horiek erabili ondoren, bikaintasunari buruz dagoen ideia erromantikoaren kodeak birplanteatzen dira, mende honetako testuinguru artistikoan sakon eta zabal errotutako pentsamendu korronte horri dagozkion nolakotasunak harrapatzeko ahaleginean”.

Erakusketarekin loturiko xehetasun guztiak Bilbao Arte Fundazioaren webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button