MUSIKA

Ero taldeak bigarren diskoa argitaratu du

Ero taldeak Garaiz gaude izenburuko bigarren lana plazaratu berri du. Horretarako, bizkaitarrek autoekoizpenera jo dute. Diskoak melodiekin, tarte epikoekin, intentsitate handiko uneekin eta gitarra riff metalzaleekin ondutako hamar doinu biltzen ditu, tartean, Itoizen Hegal egiten.

Taldeak iragarri duenez, kantuok idazterakoan ondoko artisten diskoak entzun zituzten: “QUOTSA, Footool, Nothink, Kuraia, Helmet edo Billy Jean”. Hortaz, grabazioan antzeman daitezkeen eraginak askotarikoak dira, ezbairik gabe.

Kantuen hitzei dagokienez, taldea kritiko ageri da “garai ilunotan”. Bandaren aburuz, “Sumina darie hitz askori, ezinegona nabari da erritmo bizietan, haserreak zorroztu ditu hainbat riff. Baina bada hori baino gehiago ere, ez dago dena galduta”.

Disko honetan, gainera, bizkaitarrak taldekide berri batekin aritu dira: Ibai A. gitarra-jotzailea, Springfield, Muted, Pog Mo Thon, Biok, Noizeanbehin taldeetan aritutakoa.

Bilboko Beard Studios-en grabatu dute bigarren diskoa, Borja Muro eta Javi Peña teknikarien gidaritzapean.

Lan berri hori gaur aurkeztuko dute, zuzenean, Mungiako Mungirock aretoan, Eraso taldearekin batera. Horretaz gainera, 20an, Tolosako Bonberenean izango dira, Nekez bandarekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button