Nontzeberri

ERO: “Diskoan ahots ezberdinek eragindako aberastasuna nahi genuen”

Ero taldeak Garaiz gaude izenburuko bigarren lana plazaratu berri du. Horretarako, bizkaitarrek autoekoizpenera jo dute. Diskoak melodiekin, tarte epikoekin, intentsitate handiko uneekin eta gitarra riff metalzaleekin ondutako hamar doinu biltzen ditu, tartean, Itoizen Hegal egiten.

Taldeak iragarri duenez, kantuok idazterakoan ondoko artisten diskoak entzun zituzten: “QUOTSA, Footool, Nothink, Kuraia, Helmet edo Billy Jean”. Hortaz, grabazioan antzeman daitezkeen eraginak askotarikoak dira, ezbairik gabe.

Kantuen hitzei dagokienez, taldea kritiko ageri da “garai ilunotan”. Bandaren aburuz, “Sumina darie hitz askori, ezinegona nabari da erritmo bizietan, haserreak zorroztu ditu hainbat riff. Baina bada hori baino gehiago ere, ez dago dena galduta”. Bada, taldearengana jo dugu, bigarren lan horren xehetasunen berri izateko.

Airean Mugak eta Garaiz gaude lanaren artean lau urte inguru igaro dira. Zertan aritu zarete tarte luze horretan?
Lehenengo bi urteetan Airean Mugak aurkezten ibili ginen, ahal genuen toki guztietan jotzen, ezer konposatu gabe. Ondoren, geldialditxo bat egin genuen, hilabete batzuetarako atzerrira joan behar izan nintzelako. Atzerriko egonaldiko lasaitasunak aukera eman zidan gerora diskoan bukatu duten zenbait abesti egin eta maketatzeko. Eta bueltatu ondoren, abesti horiekin eta sortzen joan ziren beste ideia berriekin lanean hasi ginen. Taldeari eskaini diezaiokegun denbora murriztua denez, prozesu geldoa izan da. Baina azkenean lortu dugu!

Nobedadeen artean, taldekide berria duzue, Ibai A. gitarra-jotzailea, eskarmentu handiko musikaria. Nolakoa izan da bere ekarpena?
Taldearen lehen pausoak bi Julenek eta Ibaik eman genituen; lagun arteko eta seriotasun gabeko proiektu bat bezala hasi genuen ERO. Gerora, Asier eta Eneko batu zirenean, eta proiektuak seriotasuna hartu zuenean, Ibaik taldea utzi behar izan zuen denbora faltagatik. Dena den, Ibai beti izan da taldearen parte era batean edo bestean: diskoen diseinua, bideoklipa, argazkiak, etab. Diskoaren prestaketan eta grabaketan Ibaik parte hartu ez bazuen ere, kolaborazio bat proposatu genion Ibairi, diskoan bere ukitua nahi baikenuen. Horrela Ibaik Lehen geltokia doinuaren konponketak sartu ditu. Diskoa bukatu ondoren proposatu genion taldera bueltatzea; hortaz, boskote izatera pasa gara. Hiru kontzertu jo ditugu berarekin, eta ematen du hamar urte daramatzagula elkarrekin, dena primeran!

Bigarren lan honek erakusten duen aniztasuna nabarmendu duzue. Hori al da bi lanen aldeko ezberdintasun bakarra?
Bada, aniztasuna bilatutako gauza izan da hasieratik. Lehen diskoan ere hori bilatu nahi genuen, baina agian, gaur egun atzera begiratuta, onartu beharra dago guk pentsatu baino homogeneoagoa izan zela Airean Mugak. Beraz, bai esango nuke hori dela alde nabarmenena. Baina badaude beste alde batzuk ere, soinua, esate baterako. Lehen diskoan Xanpe teknikariarekin oso gustura aritu ginen arren, disko osoak soinu ezberdina izatea gustatzen zaigu. Horregatik jo genuen Beard Studioetara. Uste dugu emaitza oso ona lortu dugula oraingoan ere. Disko laburragoa ere egin dugu, bederatzi abesti baino ez. Oraingoan, ez geneukan denborarik, ezta gogorik ere, abesti askoko grabaketa bati aurre egiteko. Eta honetan, aurrekoan egin ez genuen bezala, abestietan ahots-testura berriak izateko kolaborazio ugari bilatu ditugu.

Aniztasun horren baitan, gainera, Itoiz pop taldearen Hegal egiten moldatu duzue. Zein harreman duzue Itoiz taldearekin eta poparekin? Nolako harrera izan du bertsioak zaleen artean?
Nik arazo bat dut pop hitzarekin: ezin dut ekidin Madonna, Alejandro Sanz eta Mecano bezalako taldeak burura etortzea… kar, kar. Bromak aparte, orokorrean musikalki oso buru zabalak garela esango nuke, popa, rocka, metala, funkya… Denetarik entzuten dugu. Eta bai, popak badu bere tokitxoa gure bihotzetan. Eneko da taldeko popzaleena, zalantzarik gabe, The Beatlesen jarraitzaile sutsua baita. Kuriositate bezala: Izarren azpian abestiak, lokalean, Popi izena zeukan letra egin aurretik.

Hegal egiten abestiaren inguruan, ba argi dago Itoizen abestiak klasiko bihurtu direla gure bizitzetan, betidanik. Oso gustuka dugun abesti mitikoa da, eta bururatu zitzaigun polita izango litzatekeela abestiari buelta bat ematea eta gure soinura hurbiltzea. Hasiera batean zuzenekoetan jotzeko atera genuen, baina emaitzarekin oso gustura gelditu ginenez, diskoan sartzea erabaki genuen.

Grabazioan kolaboratzaile asko izan duzue, nortzuk izan dira eta zein izan da haien ekarpena?
Bai, lehen esan bezala, disko honetan ahots ezberdinek eragindako aberastasuna nahi genuen. Horrela, lagun dugun Fer Apoak (Estricalla, Matxura, Kuraia, El corazon del sapo….) Garaiz gaude abestian kolaboratu du. Halaber, zenbait zatitan, indarra behar zuten abestietan (Hegak egiten, Haizea Vs. horma eta Neska), lagun-min dugun Ibonek (Biok) garrasiak sartu ditu. Horretaz gainera, Neska abestian, Aintzaneren (Green eyes eta The Hammings) laguntza izan genuen, hitzartuta genuen kolaborazio batek kale egin ondoren. Marroitik atera gintuen, eta kristoren lana eginda, gainera! Abesti horretan ere gure neskalagun eta lagunek kolaboratu zuten Ez! koruetan: Izaskun, Maite, Leyre eta Ufa… Amaitzeko, estudioko Javi eta Borjak armarik onena esaldiari ukitu jendetsua ematen lagundu ziguten.

Bigarren lan hau ere autoekoizpenaren bidetik plazaratu duzue. Zeintzuk dira, zuen ustez, hautu horren abantailak eta desabantailak? Benetan sinesten duzue do Do It Yourself (DIY) filosofian edo aukera horren alde egin duzue diskoetxeekin aukera gutxi dagoelako?
DIY filosofian sinesten dugu, baina dena den, beste aukerarik ez dugula onartu beharra dago. Lehen diskoarekin autoekoizpena aukeratu genuen, zuzenean; beste talde batzuetatik gentozen eta bagenekien zer zegoen… Disko berrirako ateren bat jo genuen, batez ere lehen diskoak izandako oihartzun eza ikusita, baina ez da erreza gu bezalako talde ezezagun batentzat. Dena den, jasotako proposamenak lotsagarriak izaten dira: zuk jartzen dituzu abestiak; grabaketarako denbora; grabaketa, edizio eta promoaren dirua… eta beraiek “kontaktuak” eta zigilutxo bat jartzen dituzte zurea %100 den lan batean. DIY rules!

Dagoeneko hasi zarete lan berria zuzenean aurkezten. Ze moduz kontzertuak?
Bada, oso gustura. Ia bi urte jo gabe egon ondoren, kristoren monoa geneukan. Ibai, gainera, primeran moldatu da taldera. Egia da denok topera gabiltzala lan eta familia kontuekin, eta ezin dugula nahi bezain beste entseatu, eta hori guztia pixka bat nabaritzen ari gara, baina egoerara moldatu beharra dago.

Zeintzuk izango dira taldearen hurrengo urratsak
Epe laburrean kontzertuekin disfrutatzen jarraitzea. Jende eta toki berriak ezagutzea, bai eta aurrezten hastea ere, diskoaren grabaketarekin aurrezki guztiak agortu ditugu eta! Eta epe luzera… nork pentsa dezake egun epe luzera? Kar, kar.

 

Exit mobile version