LITERATURA

“Erlea” aldizkariaren digitu berriak

Gaur goizean, Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan, Erlea aldizkariaren 10. zenbakia aurkeztu dute Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Bernardo Atxaga aldizkariaren arduradunak. Ekitaldian Mikel Martinez eta Patxo Telleria antzerkilariak eta Inun kantautoreak parte hatu dute.

Inun kantariaren Egun Finlandiar bat izeneko abesti xarmangarriarekin hasi da Erlea aldizkariaren azken alearen aurkezpena. Giro musikaletik antzerki girora salto eginez, Mikel Martinez eta Patxo Telleria antzerkilariek sketch bat egin dute gerotxoago, balizko Juana de Bernarda izeneko antzerkilari baten eszenaratzeko moduak hizpide harturik.

Ostean, eta Andres Urrutia euskaltzainburuak aleak dituen digitu berriei hitz pare bat bota ostean, Bernardo Atxagak ekimenaren balioaz mintzatu da eta 10. ale honetan zer datorren jorratu du.
“Badakigu zenbaki borobilek kemena ematen dutela, eta kemen hori baliatu dugu orain arte euskal mundua bere zabaltasunean hartzeko, ahalik eta perimetrorik handienean. Horrexegatik, hemengo idazleez gain Ameriketakoak ere badaude, bai eta iraganeko idazlanak ere; iraganeko lan ederrak daude, eta horiek ez badira plazaratzen, badakigu iragana ezabatzen dela”, esan du Atxagak.

Betiko kezka batetik sortu zen proiektua, “arnasgune bat emateko euskal kulturari, eta haren egoera irudia hamar ale hauetan geldituko da” erantsi du gero.

Azken ale honetan, antzerkia da atmosfera eta gaurko antzerkiaren panorama bere geografia. Aldizkari honetarako euskal antzerkilari askori, beren lana nolakoa den eta nola bizi duten kontatzeko eskatu zitzaien, eta testu horiek dira erdigunea. Horretaz gain elkarrizketak, poemak, eta antzerkirako testuak ere badaude ale horretako orriotan.  
Tartean honako egileak kausituko dituzue: Iñaki Rekarte, Ander Lipus, Agus Perez, Iñake Irastorza, Itxaro Borda, Anjel Alkain, Aizpea Goenaga, Jokin Oregi, Jose Cruz Gurrutxaga, Jon Kortazar, Miren Billelabeitia, Kepa Altonaga, eta abar.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button