LITERATURA

“Erlea” aldizkaria, astronautez beteta

Euskaltzaindiaren egoitzan, Andres Urrutia eta Bernardo Atxagaren presentziarekin, Erlea aldizkariaren 9. alearen aurkezpena egin da. Zenbaki berri horretan bi gai nagusitzen dira: frontoiak eta astronautak.

Aldizkariak trinkotasuna erakutsi nahi du literaturaren ikuspuntutik, etorkizunari begira, aurreko urteetan egindako literaturaren lagin ederra gordeko baita orriotan. Horrelako hitzekin aurkeztu du Atxagak Euskaltzaindiak Pamiela argitaletxearekin batera argitaratzen duen aldizkaria.

Betiko legez, estilo askotako idazle eta artistak bildu dira azken-aurrekoa izango den ale honetan. Eta gero “hamargarrena aterako dugu, teatroa izango da hausnartzeko gaia, eta azkena izango da”. Ondoren beste proiektu bati ekingo diote: sariketa berezia abian jarriko dute, Urrezko Erlea Saria.

Azala Jose Antonio Azpilikuetak egin du, eta bertan zeru ia oskarbi baten pean dagoen frontoia ikusten da. Frontoien eta astronauten irudiak betetzen dituzte ia orri guztiak, poemekin, elkarrizketekin, edota Bernardo Atxagak sinatzen duen Amaya Hernandoren Objektuak lanarekin nahasturik, eta ahaztu gabe Laika txakurraren edota Gagarinen figurak, Sputnik kohetea, Flash Gordon edota Neil Armstrong astronautaren poemak. Dena kaos kosmiko literario batean, frontoietan pilotakada batek espazio sideralera eramaten gaituen bitartean.

Erlea 9 honetan honako idazle eta artistak bildu dira: Piarres Aintziart, Kepa Altonaga, Aurelia Arkotxa, Amets Arzallus, Maite Arroitajauregi, Bernardo Atxaga, Imanol Bustindui, Miel A. Elustondo, Estibalitz Ezkerra, Aritz Galarraga, Sebastian Gartzia, Jacinto Iturbe, Koldo Izagirre, Xabier Kintana, Jon Kortazar, Joseba Luzuriaga, Juan Ramon Madariaga, Xabier Muguruza, Lourdes Otaegi, Patziku Perurena, David Romtvedt, Ixiar Rozas, Joseba Sarrionandia eta Arantxa Urretabizkaia. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button