ARTEA

Errealitatea eta fikzioa esperientzia partekatuekin nahasturik

Oinez eta eskuz Teresa Sabaté eta Virginia Santos artisten erakusketa da, errealitatea eta fikzioa esperientzia partekatuarekin nahastu dituzte hizkuntzak eta narrazioak hibridatzeko xedez. Erakusketa Iruñeko Ziudadelako Bolborategian izango da ikusgai urtarrilaren 17ra arte.

Proiektu horren lehenengo esperientzia kolaboratiboa bi emakumeek Santa Marta kalean daukaten lantegitik abiatzen den bidea da, gero Uharteko Arte Garaikidearen Museoraino joateko.

Artistok kontatzen dute ekimenaren esperientzia osoa modu honetan: “Zenbait hilabetetan bide hura oinez, autoz, autobusez egin genuen, eta hainbat objektu, sentsazio eta elkarrizketa bildu genituen, zeinak Uharteko Zentroko Gela aretoan egindako pieza handi batean gauzatu ziren. Pieza handituz joan zen 10 metroko horma-irudia osatu arte, eta bertan hizkuntzak eta partekatutako esperientziak nahasten dira.
Bidaia bat da, non espazioan eta denboran egindako joan-etorria lan-prozesuaren inguruko gogoetarekin batzen baita. Izan ere, ibilbide horretan, hutsalen diruditen gauzek garrantzia hartzen dute: hurbilekoak, egunerokoak dimentsioa aldatzen du aparteko bilakatzeko. Bidaia motza da, ibilaldi bat besterik ez, baina batzuetan, inguruan aurkitzen dugunak eta egunero ikusten dugunak garrantzi handia hartzen dute arreta jartzen badiegu.”

Geroago naturatik asfaltorako bidea etorri zen berriz. “Aurreko bidaia naturaren bitartez izan zen, eta hirira itzultzen ginen. Santa Marta kalea adreilua, asfaltoa eta trafikoa da. Guk kalea lorategi handi baten moduan irudikatu nahi genuen, ez daukan landaredia eta kolorea emanez”.

Baina guztiok pairatu dugun pandemia zoritxarrekoak dena zapuztu zuen. “Bakoitza bere etxean sartuta egon behar izan ginen, eta elkarrekin leku berean lan egiteko aukera aldi baterako eten behar izan genuen. Halaber, horrek inguratzen gaituztenekin ditugun harremanen garrantziari buruzko gogoeta sortu zuen, eta erabaki genuen alegiazko lorategi hura gure kalean bizi diren benetako pertsonez laguntzea, denak egon ez arren.
Bidaia eta esperientzia berriei zabalik utzi dugu proiektua…”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button