MUSIKA

Eric Burdon, Hondarribia Blues Festival jaialdian

Zortzigarrenez egingo da uztaileak 11tik 14 Hondarribia Blues Festival jaialdia. Ibilbide horrek, gainera, European Blues Conference (EBC) elkartearen aitortza jaso du. Izan ere, erakunde horren arabera Hondarribikoa Europako blues jaialdi onenen artean dago.

Aurtengo edizioak The Animals eta War taldeetan aritutako Eric Burdon musikari ingelesa omenduko du. Musikari ingelesak uztailaren 14an joko du. Horretaz gain, hamabost taldek joko dute bost agertokitan, tartean, Mike Sponza & The European Blues Convention ospetsuak. Talde horrek uztailaren 12an joko du.

Jaialdia, baina, Kantabriako Jimmy Barnatán & The Cocooners taldearen eta Sugaray Rayford estatubatuarraren emanaldiarekin hasiko da uztailaren 11n, Bentan, 20:00etan.

Uztailaren 12an, aipatutako Mike Sponza & The European Blues Convention bandak joko du.

Larunbatean, uztailak 13, makina bat kontzertu izango dira, hala nola, The Romanticos, Shemekia Copeland eta Delta Harp Blast. Hiru horiek gau partean joko dute Bentan. Emanaldiez gain, larunbatean bestelako ekitaldiak ere izango dira, tartean, Pinetop Perkins blues musikari klasikoaren inguruko hitzaldia eta Hondarribia Crossroads dokumentalaren proiekzioa.

Igandeko izen nagusia Eric Burdon izango da. Jaialdiaren webgunean jasotzen denez, “1941eko maiatzaren 11n jaio zen abeslari eta musikagile frantses hau, baina The Animals edo War bezalako taldeetako abeslaria izateagatik eta eszenatokietan erakusten duen agresibitateagatik ezagunagoa da, inolako zalantzarik gabe. Rolling Stone aldizkariak 57. lekuan sartu zuen garai guztietako 100 abeslari hoberenen rankingean”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button