MUSIKA

“Ereregiz Doinuak” izenburupeko ekimena, Markina-Xemeinen

Uztailaren 27an, arte garaikidea bultzatzeko helburua duen Eusko Jaurlaritzako Harriak 2019 programaren bidez, Markina-Xemeinen, Ereregiz Doinuak izenburupeko ekimena ondu da. Ekimen horri esker, bost proiektu ikusi ahal izango dira Markina-Xemeingo leku desberdinetan egun guztian zehar.

Ekitaldia eguerdian hasiko da Txaranga Urretabizkaiarekin. Performancearen eta musika esperimentalaren tradizioaren artean kokatutako haize-taldeak berak sortutako piezak aurkeztuko ditu. Jarraibide erraz batzuetatik abiatuta, konposizio konplexuak eta koreografia dibertigarriak sortzeko gaitasuna erakutsiko du.

Beranduago,13:30ean, Arretxinagako plazatik errotondara doan bidexkan, Garazi Navas izango da protagonista. Musikenen lizentziatu berri da eta akordeoi-jole nekaezina da. Gaztea izanik ere, proiektu ugaritan hartu du parte (Bilboko Orkestra Sinfonikoan ere jo du) eta hainbat sari eskuratu ditu. Musikagile garaikideen lanak aurkeztuko ditu oraingo honetan.

Bazkaldu ostean, 16:00etan, Uhagon kulturguneko atzealdean, Tripak Kolektiboaren txanda izango da. Arte Ederretako lau lizentziadunek, Mayi Martiarenak, Maite Mugerzak, Marina Suarez Ortiz de Zaratek eta Natalia Suarez Ortiz de Zaratek eta Musikenen lizentziatutako biolin-jotzaile den Andrea Berboisek osatzen dute taldea.

Geroago, 17:00etan, Arretxinagako ermitan, Beñat Krolem (1990) artista gazteak diziplina ugariren hibridazioan jarriko du jomuga: eskultura, performancea, bat-batekotasuna eta bertsogintza, besteak beste. Bertako bi bertsolariren laguntza izango du ekitaldian, Xabat Galletebeitia eta Josune Aramendi.

Azkenik, 18:00etan, Xemeingo eliza aurrean, Serpiente eta Mazmorra taldeetan ere aritzen den Ana Arsuaga (Tolosa, 1994) margolari eta musikariaren bakarkako proiektua, Verde Prato, entzuteko parada egongo da. Gai minimalistak aurkeztuko ditu, teklatua eta ahotsa erabiliz, askotan herriko folklorearen tradizioan oinarrituta, abestiaren bidez hitzaren eta airearen arteko batasuna aztertzeko

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button