LITERATURA

"Loiolako hegiak" Imanol Muruaren azken lana

Zer gertatu zen Loiolan? Nola landu zen hainbeste konplizitate eta josi hainbeste sare, hura posible egiteko? Eta nola joan zen guztia pikutara, denen nahia hura aurrera ateratzea baldin bazen? Galdera horietatik abiatu da Imanol Murua kazetaria, 2005 eta 2007 arteko elkarrizketa-prozesuaren kronika xehe bat egiteko, Txillarre baserritik jesulagunen basilikaraino, Oslo eta Genevako hoteletan barrena.

ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko solasaldiak izan ziren batetik, eta indar politikoen artekoak, bestetik. Binaka hasieran eta hirurak bildurik gero, PSE-EE, EAJ eta Batasunaren artean. Liburua idazteko, hain zuzen, elkarrizketa luzeak egin ditu Muruak Loiolako negoziazioetako hiru protagonistarekin: Jesus Egiguren, Iñigo Urkullu eta Arnaldo Otegirekin. Hiru solaskide horiek emandako informazioa eta beste hainbat iturritan lorturikoa baliatuz, prozesuaren argazki zehatza egitea lortu du, orain arte oso jende gutxik ezagutzen zituen datuak argituz.

Kronika moduan dago apailatua liburuaren gorputz nagusia, eta eranskin gisa prozesuarekin zerikusia duten hainbat eta hainbat dokumentu eskaintzen ditu, kronologia batekin batera. Muruak Debako Udalak ematen duen Tene Mujika bekaren laguntza izan du lan hau idazteko.

Imanol Murua(Zarautz, 1966) euskal prentsako izen nagusietako bat da: Argia eta Jakin aldizkarietako erredaktorea izan da, baita Egunkaria eta Berria egunkarietakoa ere, hasiera hasieratik.
Bi aldiz jaso du Rikardo Arregi kazetaritza saria, eta behin Argia saria. Prentsako lanaz gain, hainbat liburu ere idatzi du.

Elkar argitaletxeak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button