Nontzeberri

Enrike Solinisek gidatutako Euskal Barrokensemble, Arriaga Antzokian

Euskal Barrokensemble antzinako musika jorratzen duen taldea da, Enrike Solinis gitarra-jotzaile ezagunak zuzentzen duena. 2006an sortu zen talde horrek duen helbururik behinena, antzinako euskal musika berreskuratzea da. Bada, gaur, Bilboko Arriaga Antzokian izango da Basques ikuskizuna aurkezteko, “joan etorriko abesti aukeraketa” aurkeztezko, 20:00etatik aurrera.

Arriaga Antzokiak jakinarazi duenez, musikariek iraganera jo dute kantuok ikertzeko eta moldatzeko. “Herrien arteko kultura eta etnia aniztasuneko harremanetik sortutakoari begiratzen dio oraingoan (taldeak). Zehatzago esanez, harreman horietan oinarrituta, eraldatuz joan den eta emaitza gisa euskal musika kultura berriztatua sortu zuen musikan zentratzen da Basques”.

Hala, antzinatik orainera bidaiatu dira  musikariak. Hartara, joan-etorriko kontzeptu hori osatzen duten 20 doinu aurkeztuko dituzte Bilbon, euskal kulturari bestelako osagaiak gehituz. “Euskal Barrokensemble musika ezagutza autoktonoaren igorle bilakatuko da berriro, sustraietatik mundura, eta alderantziz, egiten den benetako bidaia eskainiz”.

Ikuskizunean, Donostiako Orfeoi Gazte & Txikiaren kideetako batzuek parte hartuko dute.

Exit mobile version