LITERATURA

Eneko Bidegain idazleak “Lurraldea eta herria” argitaratu du

Eneko Bidegain egilea, Nekane Goikoetxea Mondragon Unibertsitateko Irakaslea eta Pamiela argitaletxeko Jose Angel Irigaray bildu ziren joan den ostiralean, lehenengoaren Lurraldea eta herria izeneko obra aurkezteko.

Eneko Bidegain (Baiona, 1975) Komunikazio irakaslea da Mondragon Unibertsitatean. Lehenago, kazetari gisa lan egin zuen Euskaldunon Egunkarian eta Berrian. Bi eleberri eta zenbait saiakera idatzi ditu, besteak beste.

Lurraldea eta herria lanean hainbat ideia garatu nahi izan ditu, herriaren artikulatzeaz: “Herri bat lurralde batean gorpuzten da, lurralde horretan eraikitzen da herriaren identitate kolektiboa eta kultura. Herritarrek hori defendatu nahi izaten dute, eta horretarako boterea hartzen dute, lurralde hori eta lurralde horretako kultura kudeatzeko. Hortik dator Estatua. Inguruko estatuen egarriaren ondorioz, herri baten lurraldea eta boterea mehatxatuta egon litezke, eta horrekin, kultura, hizkuntza eta identitatea. Euskal Herriko lurraldearen kudeaketa, Gobernua, ez dago euskal herriaren esku, Nafarroako erresuma, historikoki sortu eta eratu zen eta beti bizirik dagoen Estatu propioa, konkistatu zutenetik. Boterearen galtzeak eta lurraldearen zatiketak eragin dute euskal kontzientziaren ahultzea. Azken urte eta hamarkadetan areagotu da zatiketa administratiboaren eragina, herriaren batasunaren eta kohesioaren kaltetan”.

Pamiela argitaletxearen arabera, “liburu honetan lantzen dira lurraldearen batasunaren garrantzia, Euskal Herria herri batua izatetik herri zatitua bihurtu arteko mendez mendeko kronika, herriaren askatasun eta batasun egarria eta gaur egungo egoera administratiboak sortzen duen egoera arriskutsua, izan euskaldunen arteko harremanetan, kulturan, kirolean, erreferentzietan, hedabideetan, azpiegituretan, ekonomian, irakaskuntzan, zerbitzuetan eta abar. Halaber, oinarri edo abiapuntu batzuk proposatzen dira, herria hobeki artikulatzeari begira”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button