EZLEKUBAT

Eñaut Intxaurraga: “Euskara ama hizkuntza da; gauza haundia da hori”

Eñaut Intxaurraga Uriarterekin (Zeanuri, 1977) mintzatu gara aste honetan. Ziur aski gehienontzat bertsolari gisa ezagunagoa suertatuko den arren (2002 eta 2011 bitartean Arratiako bertsolari txapelketa guztiak irabazi ditu), oraingoan euskalgintzan egiten duen lana dela eta elkarrizketatu dugu. Izan ere, zeaniztarra, 2001ean Lauro ikastolako euskara irakasle moduan lanean hasi zenetik, euskara bizi eta gazteen artean honen erabilpena sustatzeko ahaleginetan murgilduta dabil burubelarri. Aurten Lauroko beste irakasle batzuekin batera G.eu izeneko egitasmoa aurrera ateratzen saiatu da ilusio handiz.

Zure aburuz orain lehen baino gehiago egiten al dute euskaraz gazteek?

Ez. Orokorrean gazteen hizkuntza jarrerak oso epelak dira, ikusten dut gizartea apur bat anestesiatuta legez euskarari dagokionez. Hau da, euskararen kontuan oraintsu Jon Sarasuari entzun diodan legez, “euskararen botila ez dago ez erdi hutsik ez erdi beteta, euskararen botilak zuloa dauka”, asko dago egiteko. Hala ere, ezin da ukatu izugarri aurreratu dela azken 50 urteetan, -hor dago euskara batua, hizkuntza gutxituen erreferente dena, unibertsitatera ere heldu da…-, baina bestetik, erabilpena estankatuta dago eta leku batzuetan behera ere egin du. Lauro ikastolako ikasleek 2008an euskararen egoera salatuz prestaturiko bideoa.

Eta zure ikasleek?

Lauroren kasuan, heldu eta ikusi nuen euskararen presentzia oso eskasa zela. Ordutik urtero urtero ibili gara euskararen inguruan ekimenak egiten militantziatik abiatuta gehienbat. Hala ere, lehen hezkuntzan %50era ere ez da heltzen euskararen erabilera, eta DBHn %2k hitz egingo du? Aurten militantzia alde batera utzi asmoz inoiz baino gehiago sartu gara G.eu hizkuntza proiektuarekin, eta baikorrago gaude.

Zergatik baikorrago?

Emaitza batzuk lortu ditugulako. Adibidez, aurten Laurotik Korrika-ren kilometro bat erosi dugu eta horren bueltan aste kultural erakargarri bat prestatu dugu. Plaza Berrian Flashmob bat antolatu genuen gurasoen inplikazioarekin, modan jarri diren Lipdub horietako bat ere egin genuen, beraz, ilusiotik abiatuta emaitza oso politak atera zaizkigu. G.euren barnean gurasoen inplikazio eta laguntzaz eginiko flashmob-a.

Zertan datza G.eu egitasmoa?

Lauron orain hiruzpalau urte zuzendaritzak euskarari bultzada sendoago bat emateko beharra ikusi zuen. Orduan, euskararen bueltan zer egin zitekeen arakatzen hasteko eskatu ziguten. Urte horretan proiektu bat prestatu eta aurkeztu genuen Eusko Jaurlaritzan euskararen aldeko diru laguntzak lortzeko eta horren ondorioz, hurrengo urterako astero irakasle batzuen artean 9 ordu libratzeko diru laguntza jaso genuen. Orduan Lauron “Hizkuntza Normalkuntza Batzordea” (HNB) sortu zen. Eta hor astero batzen ginen beste 3 irakasle eta neu taldean hausnartzeko, ekimenak pentsatzeko,… Aurten baina krisia dela eta, Eusko Jaurlaritzatik murrizketak etorri dira eta min handia egin zaio euskarari (gu esaterako 9 ordu libratzetik 6ra pasatu gara). Orduan HNBan “G.eu” proiektua sortu genuen. G.euk proiektu integral bat izan behar du, zeinetan estamentu guztiek hartu behar duten parte, batez ere gurasoek. Irakasleek bakarrik egiten badugu lan euskararen alde, ikasleengan daukagun eragina %16ra baino ez da heltzen; gurasoen estaldurarik gabe oso pausu txikiak emango ditugu. Hori dela eta, guraso guztiak deitu eta haiekin batzartu ginen proiektua azaltzeko. Eta lehenengoz lortu dugu gurasoak martxan jartzea, dagoeneko blog bat sortu dute beraien artean eta hasi dira proposamenak egiten kriston ilusioarekin… Guraso horietako batzuk enpresa mundukoak dira, diru kontuetan adituak, badakite planak diseinatzen eta G.eu plana gauzatzen lagundu digute. Pasa den astean aurkeztu genuen G.eu plana errektore kontseiluaren aurrean eta orain erantzunaren zain gaude.

Nondik joko du G.euk gazteek euskara gehiago erabiltzeko?

Alde afektibotik jo behar dugu. Garai batetako “egizu euskaraz”, horrek ez du balio. Euskararen aldeko diskurtso erakargarrienak eginda ere ezer gutxi lortuko dugu. Lortu behar duguna da gazteek ondo pasatzea euskaraz. Badago esaldi bat dioena: “agian ahaztuko dute esan diezuna baina sekula ez dute ahaztuko sentiarazi diezuena”. Eta emozioetara heltzeko haien eremura joan beharra dago. Ildo hori jorratu asmoz, IKABIL programaren bidez Asparneko ikastetxearekin ikasle trukea egitea lortu dugu adibidez. Ikasleek bost egun euskara hutsean emango dituzte (Iparraldeko ikasleek ez baitakite gazteleraz, ezta gureek frantsesez ere) ondo pasatuz.

Amaitzeko, ondo baderitzozu, ariketa bat jarriko dizut bertsotan erantzuteko.

Oso ondo.

Nik lehenengo puntua jarriko dizut eta ea nola bukatuko zenukeen bertsoa.
Bota ba.
Eñaut zer demontre da euskara zuretzat?
“Naizena agertzeko
tresna bat bai behintzat”
Erantzunari hau be
erantsiko deutsat:
“Mundua ulertzeko
modu desberdin bat”
Hori ta gehiago da
euskera niretzat.

Hau da, ez da bakarrik hizkuntza bat; ama hizkuntza da, nik maite dudan hizkuntza. Gauza handia da hori. G.euri esker sorturiko lipdub-a.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button