MUSIKA

Eñaut Elorrietak “Irteera Argiak” disko berria aurkeztu du gaur, Arriaga Antzokian

Disko berria aurkeztu du Eñaut Elorrietak gaur Bilboko Arriaga Antzokian. Azken diskoa kaleratu zuenetik sei urte pasa badira ere, euskal musikarako duen talentua eta gauza berriak egitera ausartu dela erakusten du lan berri honetan.

Ken Zazpi taldearekin emandako urteak eta lanaren eboluziotik, Deserriko Kantak  (2013) diskoaren eta Harian (2018) iazko zuzeneko proiektuaren ondoren dator bere bakarkako bigarren diskoa, azken urteotan garatutako ibilbidearen ondorio zuzena ez ezik, “orain arte egin dudan diskorik pertsonalena” ere dela esan du prentsa agerraldian Gernikako abeslariak.

Bederatzi kantuz osatzen den diskoan, Deserriko Kantak diskoko gai eta kontzeptu  politikoetatik aldentzen dela ere esan du, eta  gai sakonagoak jorratu dituela oraingoan. Hala, bizitzaz, heriotzaz, maitasunaz, gurasotasunaz… hitz egiten digu abeslariak disko berrian, “baina ez dira horregatik, apolitikoagoak”, argitu nahi izan du. Proposamen eszeniko berria dugu hortaz, eta Elorrietak berak konposaturiko letrez ez ezik, zenbait idazleren testuei musika jarriz ere sortu ditu kantak, Uxue Alberdi, Joseba Sarrionaindia eta Jose Luis Otamendi, besteak beste.

Kantuetan gainera, intentzionalitate argi bat izan duela adierazi du Irteera argiak diskoaren izenburuari erreferentzia eginez: “sentitzen ditudan gai eta kontzeptu horietatik guztietatik, ihes egin gabe, sentipen horiek  gainditzeko ahaleginaren intentzionalitatetik proposatzen ditut kantuak, dramatik baino gehiago”. Era berean, “argitasuna-iluntasuna dikotomiaren oreka izan dut oinarri gai sakon eta pertsonal horiek abordatzerako orduan, eta kantuetan, ahots tonu baxuagoak antzematen badira ere, gitarra akustikoaren bitartez, afinazio kristalinoagoak ematen saiatu naiz, argitasun horretara bideratu nahian-edo”, baieztatu du disko berriaren musikaltasunaz eta kantuen melodia estiloa azaltzerakoan.

Horretarako, Elorrieta bera ahotsa eta gitarra akustikoan dela, aspaldiko eta egungo lagun eta luxuzko musikarien ekarpena izan du abesti berriak sortzeko: Maite Larburu (biolina, biola eta koruetan), Fernando Neira (kontrabaxuan eta baxuan) Ruben Caballero (gitarra elektrikoan, teklatuetan eta koruetan,) eta  Borja Barrueta  (bateria eta perkusioan). Abeslariak argitu nahi izan duenez, “diskoan hasieran grabatutako maketen arima gorde nahi izan badut ere, estudioko lanetan sartu ginenean, sormen lanaren bigarren atala bihurtu zen. Izan ere, musikarien ekarpena eta lana oso handia izan zen estudio lan honetan, eta hasieran sortutako kantuen freskotasuna mantentzen bada ere, elegantzia handiko kantak lortu ditugu, bakoitzak bere aniztasunetik emanda”. Ildo horretatik, musikariek egindako ekarpenei zabaldu egin dela aitortu du abeslariak, eta emaitza, “orain arte egin dudan diskorik esperimentalena da”, azpimarratu ere.

Diskoa Usurbilgo Haritz Harreguy estudioetan grabatu da 2019ko abuztuan eta  Serrano Produkzioak eta Elkar diskoetxearekin kaleratu. “Eñaut Elorrieta oso gaztetan kantuan hasi zenetik, urrats bat harago egin du proiektu bakoitzarekin, beti gorantz, sorkuntzan, interpretazioan, eskenatokiaren gaineko agerpenetan eta, batez ere, publikoaren aurreko pertzepzioan”, azaldu du Elkar diskoetxeko Anjel Valdes ordezkariak.

Diskoarekin batera, gainera Harian aurreko proiektuko abestiaren bideoklipa ere aurkeztu dute prentsaurrekoan, aurreko lanarekin lotura egiten duena “hari-eramaile gisara”.

Abenduaren 1ean, aurkeztuko du Elorrietak diskoa Arriaga Antzokian emango duen zuzeneko kontzertuan. Hitzordua, arratsaldeko 19:00etan. Hala ere, azaroan ere baditu zuzeneko hitzorduak lotuta. Adi agendako deialdietara!

Bilboko Arriagako aurkezpenerako xehetasun guztiak eta sarrerak eskuragarri dituzue, Arriaga Antzokiaren atari digitalean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button