Nontzeberri

Emakumeen presentzia euskarazko antzerki sorkuntzan

EHAZE-Antzerkizale elkarteak Eneritz Artetxe Aranazen Karanbola hirukoitza: emakumeen presentzia euskarazko antzerki sorkuntzan izeneko obra kaleratu du. Lan hori, abenduaren 7an, 12:30ean, Durangoko Azokako Ahotsenean aurkeztuko da.

Emakumearen presentzia eztabaidagai izan da lan berri horretan, “emakumeek euskal eszenan duten presentzia aztertzea ez delako soilik zenbakiez eta kupoez hitz egitea, teatroa bera ulertzeko eta zabaltzeko moduari eragiten dioten sakoneko aldaketez baizik”.

Egilearen esanetan: “Emakume sortzaile euskaldunok hiru baldintza erabakigarri jasaten ditugu bizi garen gizarte honetan, zapalkuntza egoerak modu hirukoiztuan pairatuz. Lehenik, emakume bezala sailkatua izateak gure sortzaile ibilbidea erabat baldintzatzen du hasiera-hasieratik. Bigarrenik, kultur langile gisa aritzeak, gaur egun oraindik, bigarren mailako langile izatea esan nahi du. Hirugarrenik, emakume kultur langile izate horri hizkuntza gutxitu batean aritzea gehitzen badiogu, zailtasunen kopurua berehala hirukoizten zaigu. Emakume izanik, aipatutako zapalkuntzak pilatzen doaz, zailtasunen karanbola hirukoitza osatuz.”

Antzerkiaren barruan emakumeak gordetzen duen rola ere aztertu du egileak: “Emakume sortzaile askok rolen izenak zein kontzeptuak berak aldatu nahiko lituzke. Argi dago autore, zuzendari zein interprete izateko modu garaikideagoak aspalditik daudela mahai gainean, eta haiek zerikusi handia dutela lan egiteko modu saretuagoekin, ardurak gehiago banatzearekin, prozesuei eta horietan sortzen diren harremanei garrantzia ematearekin, klasikoki emakumezkoei gehiago atxiki izan dizkiegun moduekin”.

Liburu hau EHAZEk 2016an martxan jarritako sailean publikatu da. Ikus orain arte argitaratutako lan guztiak hemen.

Exit mobile version