Nontzeberri

Emakumeen bertsolaritza azpiratzeko mekanismoak

Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak hamabost emakume bertsolariren testigantzak jaso zituen Kontrako eztarritik  (Susa) liburua osatzeko. Feministaldiaren azken edizioan testigantza horietako zenbait partekatu zituen Tabakaleran emandako hitzaldia batean. Hitzaldi hori ikusgai duzue orain.

Lan horretan emakume bertsolarien testigantzak bildu ditu, horretarako hamabost bertsolari elkarrizketatu baititu, tartean, Amaia Agirre, Maialen Akizu, Oihana Bartra, Miren Amuriza, Maider Arregi, Alaia Martin, Eli Pagola, edota Jone Uria.
Hitzaurrean Jule Goikoetxea adituak dioenez, “lanaren helburua, ez da bertsogintzaren teknika finduez, koplen kalitateaz edo zortzikoen flow-az mintzatzea, ezpada horiek guztiak nortzuek, nondik eta norentzat sortuak diren aztertzea; bertsolaritza praktika sozial bat baita eta praktika sozial oro baita gure garaiko botere harremanen dispositibo”.

Eta emakume bertsolariak badaude bai ….. “Badaude emakume lehendakariak, baita zuzendariak diren emakumeak, kirolean ere ari dira eta, begira, bertsolaritzan ere emakume mordoak dihardu. Hori entzuten dugu behin eta berriro, baina datuak eta pertzepzioak ez datoz bat. Bertsolarien % 20–25 bitarte dira emakumeak eta % 75–80 gizonak, nahiz eta bertso eskoletan % 50 izan emakumeak. Hala ere, datuak interpretatzeko gailu kontzeptualak behar dira eta jendeak eskura duen sistema kontzeptual ia oro patriarkala da. Guk badakigu, Lynda Nead-ek esan moduan, emakumeen ikusgarritasuna gizonezkoen desiraren neurrira egina dela, eta, Alberdik bikain argitzen duen moduan, gizon publikoaren osagarri rola betetzen duen bitartean, emakumea (singularrean) onartua da gizonen espazioetan, baina gizonenak dira espazio publikoak. Horixe da emakumea emakume egiten duena: gizonen osagarria izatea, hirurehun urte dituzten diskurtso eta praktika feministek aspaldi erakutsi baitzuten emakumea gizona ez dena dela, eta gizona izatea emakumea ez izatea dela. Hortaz, gizona gizon egiten duen horren absentziak egiten du emakumea emakume, emakume eta gizonen eraikuntza era kontrajarrian egiten delako”.

Tabakaleraren webgunean sartu zaitezte, eta Feministaldia: Kontrako eztarritik. Emakumeen bertsolaritza azpiratzeko mekanismoak (Uxue Alberdi) izeneko saioa ikusi  ahalko duzue. Beste aldetik,  liburua irakurri nahi baduzue, Susa argitaletxeak eskaintzen du.

Exit mobile version