ARTEA

Emakumearen irudiari buruzko erakusketa, BilbaoArten

BilbaoArte zentroan Naia del Castillo (Bilbo, 1975) artistaren Flujos izenburuko erakusketa ikus daiteke, maiatzaren 16ra arte; bilbotarrak BilbaoArteren beka jaso zuen 2013an.

Sormen-prozesua argazkietan irudikatu du bilbotarrak. Hala, ur-zurrusta baten azpian biraka ari diren lau emakumeren argazkiak egin ditu. Folioetan inprimatu, eta paperezko euskarri hori transformatu egin du: eskuz, digitalki, moztu egin ditu, busti, bata bestearen gainean jarri… eta, amaitzeko, transformazio horiek berriz jaso ditu argazkietan.

Hori guztia emakume irudia erakusteko asmoz. “Irudi fotografikoa da lanean erabili dudan materia, inprimatuz eta berriro argazkia ateraz, irudia biderkatuz”, azaldu du artistak.

Horrekin batera, paperean inprimatutako 20 segundo  bideo-sekuentzia ere paratu du erakusketan, bai eta Zakuak instalazioa ere: “Pieza ugari dira, urpean biraka dabiltzan emakumeen gorputzen argazkiak, zaku horien formarekin bat egiten duten airez betetako gorputzak, gatibu dauzkan forma horretarik ihes egin nahi balute bezala”, azpimarratu du Naiak.

Naia del Castillo euskal eskultore eta argazkilaria da. Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederrak ikasi ondoren master bat lortu zuen Londresko Chelsea College of Art & Design-en. Erakusketa ugari egin ditu: Zaragozako Pablo Serrano museoan (2003), Gasteizko Artium Museoan (2004), Madrilgo PHotoEspañan eta Alemania, AEB eta Austrian. Txina, Japonia, Korean ere egon da bere obra.
Bere lanak -toki batzuk aipatzearren- Santanderreko Arte Ederretako Museoan, Parisko Maison Européene de la Photographien, Houstongo Museum of Fine Arts-en, eta Erromako Espainiako Akademian daude.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button