MUSIKA

Emakumeak protagonista 25. Getxo&Blues Jaialdian

Uztailaren 18tik 20ra, Algortako Biotz Alai plazan, ekitaldi honen 25. edizioa gauzatuko da blues musikan izar diren hainbat artista ospetsuren partaidetzarekin. Atzo bertan, Getxon buruturiko jazz jaialdiaren oihartzun arrakastatsuak amatatu ez direlarik, jaialdiaren aurkezpena egin zen Bilbon.

Getxoko Nazioarteko Blues Jaialdia estatuko zaharrenetako bat da eta bertatik erreferente handienetakoak pasatu dira, eta aurten ez da gutxiagorako izango.

Jaialdia uztailaren 18an hasiko da rockin’ bluesaren printzesa deituriko Sharrie Williams emakumearekin. Ahots potentedun emakume honek askotariko soinuak lantzen ditu, esaterako gospela, soula, bluesa eta rocka, eta bere emanaldi oso biziak izaten dira.

Hurrengo egunean beste emakume handi baten txanda izango da, Dana Fuchs, gaur egun proiekziorik handienetakoa duen abeslaria. Bere kontzertuak energiaz beterikoak izaten dira, bizi-poza transmititzen baitu kantari honek. Abeslariaren soinuetan rockak, soulak eta bluesak bat egiten dute, eta ahots indartsuarekin interpretatzen ditu. Bere azken lanak, Getxon aurkeztuko duenak,  Bliss Avenue titulupean ikusi du argia.

Jaialdia uztailaren 20an, larunbatean, amaituko da harmonikaren munduan izarra den Charlie Musselwhiterekin. Mississippiko artistak ibilbide luzea egin du, eta 20 diskotik gora atera ditu eta lan ugari egin ditu beste artista batzuekin lankidetzan. Grammy sariak ere eskuratu ditu inoiz.

Jaialdiko programa osatzeko, azken egun honetan, bertoko Los Brazos talde blueszalea Algortako The Piper’s Irish Pub lokalean egongo da blues, soul eta rhythm&blues nahasten eta Delay azken laneko kantak haizatzen.



Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button