MUSIKA

Emakumeak musikaren industrian duen egoera aztertuko dute “MUSIK/FEM” jardunaldietan

Datorren astean, urriak 3 eta 4, MUSIK/FEM ekimenaren bigarren edizioa egingo da Bilboko Kafe Antzokian eta Bilborock aretoan. Ekimenaren xedea ondokoa da: “emakumeak musikaren industrian duen egoera gizarteratzea eta gaur egun dauden genero ezberdintasun egoerei erantzunak emango dizkieten ekimenak sortzea”. Asmatu komunikazioa eta kulturak eta Musika Bulegoak elkarlanean antolatutako egitasmoa da.

Leire Palacios kazetariak dinamizatuta, emakumeek industria honetan duten papera jorratuko dute lau gonbidatuk. Hala, Almudena Palacios (Keychange, Queremos Entrar, Proyecto Prisma), Cris Lizarraga (Belako), June Calvo (PhD Researcher at Cities Lab Katedra University of Deusto) eta Lluís Torrents, (Razzmatazz aretoa) izango dira solaskide urriaren 3an, Bilboko Kafe Antzokian, 19:00etatik aurrera. Lau gonbidatuk musikaren sektorean bizi izan dituzten esperientziak eta egoera ezberdinen aurrean duten iritzia azalduko dute.

Horrekin batera, urriaren 4an, Bilborock aretoan, Galiziako Agoraphobia rock bandak master class bat zuzenduko du, 11:30etik aurrera. Gai hauek jorratuko dira: musika talde bat abiatzea, doinuak sortzeko prozesua, entseguak burutzeko dinamika eta birak egiteko baliabideak. Zuzenean ere joko du talde galiziarrak.

Ekimenaren antolatzaileen arabera, “Agoraphobia taldeak indie rock doinuak lantzen ditu eta Incoming noise disko luzea aurkeztuko du. A Coruñako Nakra estudioan grabatu zuten lan hau Lago Lorenzok (Furious Monkey House, Amplifier) ekoiztu zuen. Bertan distortsio da nagusi eta nortasun handiko abesti sendoak aurkitzen dira. (…) Delorean, Lory Meyers, The Zombie Kids edo Russian Red bezalako taldeen alboan jo dute”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button