IKUS-ENTZUNSin categoría

Emakumeak izango dira ardatz, Bermeoko kale-zinema zine zikloan

Las maestras de la República (2013) Pilar Perez Solanoren dokumentalak zabalduko du Erroxape Emakume Taldeak, Emakunderen laguntzarekin, Bermeon hilabete honetako ostiraletan antolatu duen kale zinemaren programazioa.

Hala, emakumeek zuzendutako ikus-entzunezkoak edota emakumearen gaiak jorratzen dituzten filmak proiektatuko dira ostiralero, gaueko 22:00etatik aurrera, Bekoportalan. Ondoren, filmek jorratzen dituzten gaien inguruko solasaldiak egingo dira, eta horretarako filmen zuzendariak edota adituak izango dira bertan.

Hortaz, ekainaren 7an, gaueko 22:00etatik aurrera, errepublika garaiko maistrak proiektatuko den dokumentalaren ardatz izango dira. Bertan, maistra errepublikarrek emakumeen eskubideen konkistan eta hezkuntzaren modernizazioan egindako lana bistaratzen da, eskola publikoaren eta demokratikoaren printzipioetan oinarrituta. Hizlari gonbidatua Maite Alvarez de Zarate, Bermeoko Sorginorratz talde feministako kidea izango da, eta Victoria Zarate Zurita (Madril 1893-Lisboa 1964) bere izeko eta maistra errepublikarraren biografiaren inguruan hitz egingo du.

Hurrengo ostiralean, ekainaren 14an, Cárceles bolleras (2018) Cecilia Montagut madrildarren dokumentala proiektatuko da eta zuzendaria bera izango da ondorengo solasaldian. Filmak kartzelan emakumeek jasaten duten genero-diskriminazioa jorratzen du, nola erabiltzen den desio lesbikoa, espetxe-erakundearen aurkako erresistentzia gisara.

Eta ekainaren 21 eta 28an, beste gai bi jorratuko dira. 21ean, Kurdistango emakumeen erresistentzia izango da ardatz, eta bertan Elkartasuna Kurdistaneko Emakumeekin plataformako kide batek, Rojavako Jinwar emakumeen herri askera bisita egin ondoren, bertan izandako esperientzia kontatuko du. Gaia testu-inguratzeko, Comandante Arian (2018) Alba Sotorra kataluniarrak zuzendutako filma proiektatuko da.

Eta zine zikloari amaiera emango dio Bread & Roses (2000) Ken Loach-ek zuzendutako filmak. Bertan, etxeko langileen eta zaintza lanak egiten dituzten emakumeen lan baldintzak eta eskubideak izango dira xede. Honetarako, Agurne Gaubeka bermeotarra izango da solaskide gonbidatua, lan harremanetan aditua eta sektore feminizatuen asesoramendu eta ekintza sindikalean 10 urteko esperientzia duen kidea.

Zine zikloak, antolatzaileen esanetan, “emakumeen gaiak kalera atera nahi ditu, eta emakumeek egindako lana azaleratzeaz gain, lan hori balioan jarri nahi da espazio publikoak okupatuz”.

Informazio gehiago, hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ONARTU
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu