LITERATURA

Bilboko Euskararen Etxea Alaskaraino joango da

Poesiaren Egunaren harira, Euskararen Etxeak Alaska izenburuko ekitaldia ondu du gaur, martxoaren 22an, 19:30etik aurrera. Castillo Suarez idazleak 2023an plazaratutako izen bereko poema-liburuan oinarrituriko emanaldia izango da. Suarezek ekitaldian parte hartuko du liburu horren nondik norakoak azaltzeko, Julen Azpitarte kazetariak lagunduta.

“Alaska garai batean Altsasun egon zen jatetxe bat izan zen, bidaiariz eta turistaz betea egoten zena, Bernardo Atxagak bere liburuetako batean aipatu zuena. Amerikak bere ipar muturrean Siberiarekin bat egiten duen lurralde hotz hartan egin zuen jabeak nahikoa diru jatetxe hura muntatu eta, ondoren, Etzegaraten hotel handi eta elegante bat egiteko, igerilekua zuena, gaur egun abandonatuta dagoena. Maiz idatzi da desamodioaz eta abandonuaz, baina gutxiago tokiekin lotzen gaituzten hari ikusezinez, tokien dolua nola egin ez dakigula. Izan ere, geure bizia, geure puskak, berriz ikusiko ez dugun jendearengan uzten ditugu, berriz egongo ez garen tokietan. Eta denok dugu Alaska bat geure baitan. Denok dugu geure oroitzapenetara kateatutako tokiren bat, osorik edo erdizka gogoratzen duguna. Maite izan genuen norbait, egun non dagoen ez dakiguna.”

Horrekin batera, Amaia Hormaetxeak eta Endika Basagurenek Euskara Sukaldatzen izenburuko dokumentala aurkeztuko dute. AEBetan filmatua, hain justu, New York, Washington DC eta Miami hirietako leku ezagunetan, dokumentalak hainbat pertsona jasotzen ditu Castillo Suarezen Alaska liburuko olerkiak irakurtzen.

Azkenik, Argi Arte eskolako ikasleen ilustrazioak ere izango dira ikusgai: 18 eta 22 urte bitarteko ikasleek haientzat euskara zer den irudikatuko dute sabaitik zintzilikatuta egongo diren euskarrietan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button