Nontzeberri

Emakume eta diskurtso feministen garrantzia hizkuntza zinematografikoaren baitan

Artium Museoak zinema feministaren historiari buruzko programa bideratu du. Martxoaren 7tik aurrera, hilean behingo saioz osatutako zinema zikloak emakumeak eta diskurtso feministak hizkuntza zinematografikoaren garapenaren une garrantzitsuenen parte direla erakutsiko du. Zikloa Artium Museoaren eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren arteko lankidetza da.

Guztira zazpi emanaldi programatu dira, hilero, martxotik ekainera, urrian, azaroan eta abenduan. Lehen saioa (martxoak 7, larunbata, 18:00etatik aurrera) zinemagintzan aitzindari izan ziren emakume zuzendariei eskainia egongo da: Alice Guy, Germaine Dulac eta Maya Deren-i. Lur Olaizolak (Donostia, 1988) aurkeztuko du, zinemagile eta Tabakalerako Ikus-entzunezkoen koordinatzaileak.
Alice Guy (Saint Mandé, 1873 – Wayne, 1968) zinemaren historiako lehen film narratiboaren, La Fée aux Choux (1896), egiletzat jotzen da, Lumière anaiek film baten lehen proiekzioa egin eta urtebetera. Guy, ia genero guztietako 600 film baino gehiagoren egilea izan zen. Artiumek Alice Guyren bi film labur proiektatuko ditu lehen saio honetan: Les résultats du feminisme (1906), eta Madame a des envies (1906).
Germaine Dulac (Amiens, 1982 – Paris, 1942), berriz, zinema zuzendaria, ekoizlea eta teorialaria izan zen. Bere lehen pelikulak 1915ekoak dira. Zikloaren barruan haren film feminista esplizituentzat jotzen dena proiektatuko da, La souriante Madame Beudet (1923).
Azkenik, Maya Deren (Kiev, 1917 – New York, 1961) XX. mendeko zinema esperimentalean eragin handiena izan zuen zinemagileetako bat izan zen. Guggenheim beka jaso zuen lehen emakumea izan zen 1946an. Bere bigarren filma proiektatuko da At Land (1946), film labur mutu surrealista.