ARTEA

“Beste bizitzak” Nagore Amenabarroren erakusketa, Photomuseumen

Nagore Amenabarrok 75 margolan bildu ditu Beste bizitzak izeneko erakusketan. Apirilaren 10era arte ikusgai izango dira Zarautzeko Photomuseumeko erakusketa aretoan.

Bertatik jaso dugun oharrean hauxe irakurri dugu: “Liburuek, aldizkariek, katalogoek eta abarrek osatzen dute bere azken lanaren abiapuntua. Gure eguneroko bizitzan erraz eskura daitezkeen elementu horiek funtzionamendu onartua eta kontsumo azkarra izaten dute. Baina neutroa izatetik urrun, material ia gordin hori esanahiz beteta dago, eta esanahi horiek dira, hain zuzen ere, artistaren lan-prozesuan ekintzak bideratzen dituztenak.
Proposamena berrinprimatze eta berridazpen-lan gisa garatzen da, keinu edo manipulazio baten bidez irudiaren izaeran eta interpretazioan desbideratze bat sor dadin, irudia aldatu eta jardun-kode bat sortzen den heinean. (…) Metafora gisa, irudien gainean sortzen diren esku-hartzeek aniztasun hori nabarmendu nahi dute. Jatorrizko irudiak sortzen duen estimuluari erantzuna ematen dioten ekintzak dira, eta bibrazioa sortzen da oinarriaren eta artistak gertakari gisa egiten duen eragiketaren arteko bizikidetzaren ondorioz.”

Nagore Amenabarro (Amezketa, 1986) Arte Ederretako ikasketak 2009an amaitu zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, Pariseko École Nationale Supérieure des Beaux-Arts-en Erasmus beka jaso ondoren. Geroztik hainbat egonaldi artistikotan egon da, Austria, Turkia edo Hego Korean, adibidez. Bere lanek bertako zein nazioarteko  erakusketetan parte hartu dute. Bakarkako erakusketak honakoak izan dira: Platina, San Telmo Museoa (Donostia, 2020), Gemelas, Juan Mauel Lumbreras galeria (Bilbo, 2018) eta Clástica, Arizko Dorretxea (Basauri, 2017). Horiez gain makina bat taldeko erakusketetan hartu du parte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button