EZLEKUBAT

“Elkarlanak asko aberasten du lan bat”

Leire Bilbao eta Maite Mutuberria 2013ko Etxepare Sariaren irabazleak izan dira Gerrak ez du izenik albumarengatik. Gerrak ez du izenik album onena dela deliberatu du epaimahaiak, egileek ederki uztartu dituztelako hitza eta irudia, sentimenak eta gertaerak, errealitatea eta fantasia, gerra ororen ezaugarriak agerira atereaz: gosea, beldurra, tristura… 
Egile biekin izan gara gai honi buruz mintzatzeko.

Zelan sortzen da horrelako album berezi bat egiteko ideia? Elkarren berri bazenuten?

Leire Bilbao: Ez dago haurrentzat eta euskaraz albumak argitaratzeko aukera askorik eta Etxepare lehiaketak horretarako aukera ederra ematen du. Nik Maiteren berri, Kontseiluak atera zuen Hizkuntzaren keinua liburutik izan nuen, lagun batek bideratu ninduen bere web-orrira eta enbidoa bota nion, eta berak hartu.

Maite Mutuberria: Albumaren ideia Leirerena izan zen, berak izan zuen istorioa eraikitzeko ekimena, baita Etxeparera aurkeztekoa ere. Ni bere ideia abiapuntu hartuta hasi nintzen lanean, ilustrazioei eta irudiok duten narratibari forma emanez.

Oinarria testua izaten da, ezta? Baina irudietan oinarrituriko testuak ere sor daitezkeela uste duzue?

Leire: Gerra da album honetako gaia. Ume batek telebista pizten duenean, nahita edo nahigabe, mundu honetan gerra bat baino gehiago daudela ohartzen da. Hala ere, beraien irakurketetan gerra ez da gai oso ohikoa.  Umeei errealitatea ezkutatzeak ez du zentzurik; esango nuke, errealitatea kontatzeko erak aurkitu behar direla, eta haur literatura izan daiteke lehengo pausua.

Maite: Kasu honetan hala izan da, testua iritsi zen lehendabizi. Dena den,  idazteko garaian Leirek irudietan pentsatu duela argi dago. Gainera, testua zertxobait moldatzen joan gara ilustrazioak egin ahala.
Hala ere, irudietatik abiatuz testua idazteko aukera ere kontuan hartu genuen hasieran. Ilustrazioak eta testuak elkarri zentzua ematen diotelako, batak bestea indartuz edota kontrajarriz.

Nola egiten da lan bion perspektibatik. Zeintzuk dira abantailak edota desabantailak?

Leire: Gehienetan idazleak testua idatzi eta horren gainean egiten du lan ilustratzaileak. Nire aldetik, alderantzizko prozesua probatzea asko gustatuko litzaidake… ilustratzaileak bezala, muga eta neurri batzuen barruan norbere burua proban jartzeko.

Maite: Horrek lana aberasten duela iruditzen zait, bakoitzak daukan ezaguera eta ikuspuntua gehitzen duelako. Horregatik ordea, perspektibak bat etortzen ez direnean sortu daitezke desadostasunak.

Normalean, badirudi, testuari ilustrazioa egokitzen zaiola. Hala dela uste duzue? Autonomia gehiago eduki beharko luke irudiak?

Leire: Elkarlanak asko aberasten du lan bat. Bakoitzak bere estiloa eta testua ulertzeko era du, estilo ezberdinak uztartzetik ere emaitza ederrak atera daitezke.

Maite: Askotan hala da, lehenengo idazleak bere testua idatzi eta ondoren, hau itxita dagoenean, irudigilea aukeratzen da. Baina ilustratzailea egilea ere bada, berak bere hizkuntzaren tresnekin istorioa kontatzen baitu. Ilustratzaileak ez gara dekoratzaile hutsak. Hala ere, egoera aldatzen ari dela iruditzen zait, ilustratzaileok geroz eta autonomia gehiago dugula uste dut.

Testu zatiren bat ez bada ilustratzailearen gustukoa edota irudiren bat ez bada idazleren gustukoa, borrokarik ba al dago?

Leire: Ilustratzaileak bere marka jartzen dio liburuari eta aske izan behar du horretan, bere ukitua eman behar dio liburuari. Marrazki hutsekin irakurketa bat ahalbideratu behar du, librea. Testua irakurri aurretik begirada batean egiten den irakurketa horretaz gainekoa. Borrokarik ez, kar kar kar…  Ondo etorri ohi da ondokoaren iritzi zintzoa.

Maite: Batzuetan egoten dira bai, baina albuma pieza bakarra dela ulertzen denean borroka horiek desagertzen dira. Gerrak ez du izenik sortzeko garaian behintzat ez da liskarrik egon, bai zintzotasuna, proposamenak eta konfiantza.

Beste proiektu batean elkarrekin murgiltzeko prest?

Leire: Jakina! Ia proiektu berri asko datozen… askotan emaitzarekin baino gehiago gozatzen da bidean eta eginean.
Maite: Oraindik egindakoarekin disfrutatu behar dugu, baina esperientzia oso polita izan da, eta nire esku badago behintzat beste zerbait sortuko dugu noizbait.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ONARTU
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu