LITERATURA

Elkar argitaletxeko udazkeneko nobedadeak

Udazkena hurbildu ahala, sasoi horretan argia ikusiko duten liburuen berri ematen ohi da. Elkar argitaletxeak bere proposamenak luzatu dizkigu, eta batzuk nabarmenduko ditugu hemen.

Xabier Mendiguren Elizegik Alsina izeneko nobela argitaratuko du. Emakume bat, Estatu Batuetatik Euskal Herrira datorrena, 1980 hondarrean. 40 urte lehenago, emakume horrexen gurasoak ziren, gerratik ihesi, Frantzian barrena Amerikara zihoazenak. Bi istorio, Alsina izenak lotuak eta gure herriaren historiako une giltzarriekin korapilatuak.
Karlos Linazasorok Trilogia hiperlaburra lana kaleratuko du. Lan honetan ironiatik absurdora salto eginez,  gogoeta ustekabekoak, noiz kitzikagarri, noiz sakon pentsatzekoak plazaratu ditu.
Miren Gorrotxategi 33 ezkil aterako du. Lan hori Zubikarai saria izan da eta bertan honakoa kontatu nahi digu: Garizmendi baserriko Ferminek, aitzurrean ari dela, burezur bat topatzen du lurperatuta; hilotz hori ateratzera doazenean baina, desagertua da eskeletoa. Hildako zahar eta berriak, anaien arteko gorrotoak, belaunaldien arteko arrakalak, bikote ohien konpondu ezinak, droga eta jokoa… Osagai horiek eta gehiago topatuko dituzu Augustin Zubikarai saria irabazitako misteriozko eleberri honetan.
Jose Inazio Basterretxea Begoñaren itzalpean nobela kaleratuko du, 36ko gerraren inguruan. Han, irabazle eta galtzaileak izan ziren, baina galtzaile guztiak ez ziren berdinak, ezta irabazle guztiak elkarren lagunak ere.
Mikel Hernandez Abaitua Airearen isla idatzi du. Joseba Agirregomezkorta rock eta pop musika zaharrean espezializatutako irrati-esataria da, baita literatur kritikaria ere. Neska-lagunak utzi du eta nora ezean sentitzen da, baina laster hasiko dira berri onak sortzen bere inguruan: neska autobus-gidari bat ezagutzen du, harreman posible bat ekar dezakeena; editore lana eskaintzen diote argitaletxe batean, bere idazle miretsienarekin lan egiteko aukera emango diona… Josebaren izaera txepel samarrak, ordea, pikutara bidal dezake dena.

Beste titulu batzuk honakoak dira: Gezurren Basoa (Alberto Ladron Arana); Freeport (Ander Odriozola); Bidaia sentimentala Frantzia eta Italian zehar (Laurence Sterne. Itzulpena: Josu Barambones); Finzi-Continitarren lorategia ( Giorgio Bassani. Itzulpena: Koldo Biguri); (Euskal) Literaturaren kontra (eta alde) (Iban Zaldua); Kixoteari bisita (Iñigo Astiz eta Maite Mutuberria),…

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button