LITERATURA

Elkar argitaletxearen primaderako literatur liliak

Elkar argitaletxeak udaberriko nobedadeen berri eman du, horien artean hiru eleberri: Zaldi mamarroa (Igartza Saria), Ekaitz Goienetxea; Azala erre, Danele Sarriugarte, eta Neska bat leku inposiblean, Xabier Amuriza.

Iazko Igartza Saria jaso zuen Ekaitz Goienetxearen Zaldi marmarroak 1980ko hamarkadan kokatutako nobela korala da, Euskal Herriko kostaldeko herri batean. “Ehunka gazte hil zituen herrian zaldiak; edo haren gainean etorri zen hiesak. Baina hura ez zen izan belaunaldi motel, triste bat; aitzitik, musika, sexua eta parranda maite zituzten, amets, jolas eta borroka egin zuten, eta bizitzak zekarzkien aukera guztiak deskubritu nahi zituzten. Baita heroina ere”.

Danele Sarriugarteren bigarren nobela, sare sozialen sasoian, ikuskizunaren gizarte post-industrialean kokatzen da. “Bi artista, Miren eta Jon, eta artea ulertzeko modu bi, talkan. Artistaren galderak XXI. mendearen aurrean: zenbat da obra eta zenbat artistaren marka? Zer gertatzen da pertsonaia guztiz jabetzen denean pertsonaz? Nola kudeatu arrakasta eta nola porrota? Adiskidetasuna eta inbidia, itxura eta itxurakeria, konpromisoa eta kontraesanak, sobreak eta txekeak”.

Amurizaren lana, berriz, benetako gertaeretan oinarritutako lan historikoa. Halere, elementu fantastikoak ere biltzen ditu. “Zamorako apaiz-kartzelan, Euskal Herriaren aldeko eta eliz hierarkia konplizearen kontrako borrokan sarturiko apaiz talde bat daukate giltzapeturik. Beste edozein presok bezala, ordea, haiek ere ihes egin nahi, eta 1970. urtean tunel bat hasi dira egiten, lurpean eskabatuz”. Xabier Amurizak bera ere abade presoen talde horretako kide izan zen.

Aipatutako liburuen gain, ondokoak ekarriko ditu Elkarrek loraldiarekin batera: Zu entzuteko gaude; Xabier Mendiguren;  Balou mendikateko kanta, Yan Lianke (itzulpena Maialen Marin-Lacartak eta Aiora Jaka Irizarrek egin dute); Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk, Joxe Azurmendi eta Homo Sapiens, Yuval Noah Hariri (itzulpena Andoni Sagarna eta Xabier Kintanaren eskutik), …

Informazio gehiago: elkarargitaletxea.com.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button