ARTEA

Elba Martinezen eta Consuegra Romeroren erakusketa Iruñeko Ziudadelan

Ostruka bat izan liteke… bi dira baina goiburupean, pasa den maiatzaren 24tik ekainaren 30era arte, Elba Martinez eta Consuegra Romeroren instalazioaren erakusketa dago ikusgai nafar hiriburuko Ziudadelako Mistoen eraikineko lehen solairuan.

Susana Blas komisarioak lagunduta, Elba Martinez (Donostia) iparraldetik, eta Consuegra Romero (Ceuta) hegoaldetik, hilabete luzez idatzi diote elkarri Iruñean erakusketa hau muntatzeko. Emaitza, sormen-elkarrizketa baten instalazioa, elkarrekin izandako elkarrizketan hezurmamituta.

“Itsasoa” da erakusketaren abiapuntu, batzuetan maitasunaren eta besteetan heriotzaren “jainkotegi” bilakatzen dutena.  Irrikak, beldurrak, itxaropenak … dira aditzera eman nahi dituzten sentipenak,  “ikur amultsutik, itsasoak migrazioan hartzen duen adieraraino”, komisarioaren esanetan.

Hala, afektibitatea, lana, bizitza, estutasuna, ibilbide artistikoa garatzeko zailtasunak, olerkiarekiko maitasuna, edota konpromiso feminista dira partekatzen dituzten gaietako batzuk.

Elba Martinezengan artea eta bizitza bereiztea ezinezkoa dela azaltzen du Susana Blas komisarioak. “Aztoratzen duen gaitasuna du olerkigintzan, margolaritzan, argazkigintzan zein instalazioetan. Ausart eta ziztatzaile. Elbak giltza lapurtzen du, eta, gauez, itxitako gelan sartzen da hor gertatzen dena guztioi kontatzeko”.

Consuegra Romerok aldiz, urteak eman ditu bolaluma urdinez marrazten eta irrika, amorrua, edertasuna edota  kontsolamendua darizkien emozio-paisaiak sortzen ditu, “tinta-erritua sari eta zigorra bilakatuz”, artistak berak aitortzen duenez.

Susana Blas Brunel (Madril), arte garaikidearen komisarioa eta historialaria da. Ikus-entzunezkoetan espezializatuta, 1999tik Metrópolis telebistako kultur saioaren gidoilaria da. 2016an MAV (Emakumeak Ikusizko Arteetan) saria jaso zuen, genero-berdintasunaren aldeko proiektuen kudeatzaileari emandakoa; eta 2017an Blanco, Negro y Magenta saria.

Informazio gehiago, Iruñea Kultura webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button