Nontzeberri

El Columpio Asesino, Bakelite eta Yello Big Machine, Bilbon

Ostegunean, hilak 30, kontzertu interesgarria izango da Bilboko Santana 27 aretoan, 20:30etik aurrera. Oholtzan, Euskal Herriko hiru talde izango dira, hirurak maila handikoak:  El Columpio Asesino nafarrak, eta Bakelite eta Yello Big Machine bizkaitarrak.

El Columpio Asesino nafarrek iaz argitaratutako bosgarren lana aurkeztuko dute, Ballenas muertas en San Sebastián (Mushroom Pillow); lan horretan elektronikarekin estali dituzte doinuak. Taldea aski ezaguna da, batez ere, ereserki bihurtu den Toro abestiaren ondorioz.

Bilboko Yellow Big Machine bandak ere Here Comes the Big Fun (Fiebre Amarilla Records) izenburuko lan berria argitaratu zuen 2014an Nontzeberrik taldea elkarrizketatu zuen iaz, lan berri horren harira). Taldeak 90eko hamarkadan iltzatutako rock independentea jorratzen du, noise-rock eta indie-pop estiloaren artean, “Fugazik Pavement bortxatuko balu bezala”.

Azkenik, Bakelite Bermeotik datorren bikotea da. 2014an, Azeriak (Frigo Fingers eta Borax Ekoizpenak), plazaratu zuen. Bakeliteren jarioan rock-and-rollaren eta blusaren eraginak nabariak dira, baina bestelako estiloek ere tokia daukate; esaterako, Merkatura doinuan dub oihartzunak entzuten dira, eta Begiak Itxi kantuan post-punk giroak nabaritzen dira.

Exit mobile version