MUSIKA

Ekiza primaderaren bila

Willis Drummond taldeko gitarra eta abeslari Jurgi Ekizak (Baiona, 1980) 2016an kaleratu zuen Ekiza (Bidehuts) bere bakarkako ibilbidearen estreinako urratsa. 2017an, halaber, 2016/IX/04 izenburuko bigarren lana plazaratu du. Single bat ere kaleratu du, Presondegia, itsaso zakar bat, 2017an.

Bada, bakarkako ibilbide horrek emandako fruitua zuzenean aurkezten jarraitzen du. Hala, eta Primaderaren bila tour izenburupea, hainbat kontzertu egingo ditu martxoan: 1ean, Mamarigako Kultur Etxean izango da; 16an, Zaragozako La Bóveda del Alberguen; 17an, Iruñeko Karrikirin; 22an, Tolosako Bonberenean; 21an, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean; 29an, Murciako La Yeserían; 30ean, Valenciako CC octobre aretoan; eta, azkenik, 31n, Vic-eko Cava Jazz gunean. Birarekin loturako xehetasun gehiago, bere facebook gunean.

Ekizak bere unibertso pertsonalena, biluziena, islatzen du bakarkako egitasmoan. Hala, bakarka egindako kantuetan garapen luzeak nagusitzen dira, tarte lasai eta intentsuagoak uztartuz. Askotan, une kasik isiletan ere murgiltzen da. Entzunaldi aunitz exijitzen dio entzuleari, eta kantautore giroak eta rock pasarteak lotzen ditu.

Anari musikari azkoitiarrak hauxe idatzi zuen Ekiza diskoaren harira: “Norbait begien aurrean biluzten denean, norbaitek dena erakutsi nahi dizunean, beste aldera begiratzen duzu. Ez gaude ohituta biluziari aurrez-aurre begiratzen. Gordina da, benetakoa, benetakoegia da, beroegia, hotzegia. Horrelako zerbait gertatzen da Jurgi Ekizaren diskoarekin”. Jurgik ez dio bere buruari mugarik jartzen bakarrik aritzen denean, eta kantuak eta hitzak egiterakoan, bat-batekoari erreparatzen dio gehien; alegia, espontaneoki aritzen da barruan daukana azaltzeko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button