MUSIKA

Ekiza musikariak kontzertua eskainiko du Larungo Kaiolan

Larungo Kaiola ostatuak kulturari ateak zabaldu nahi dizkio, eta hala, ostatuaz gain, Larrungo kaskora heltzen diren guztiei kultur eskaintza bat luzatu nahi die. Eta helburu hori lortzeko  Kabia kultur espazioaren ateak zabalduko ditu uztailaren 22an, Asier Gogortza argazkilariaren Muga izeneko erakusketarekin eta Ekiza musikariaren kontzertuarekin.

Erakusketaren harira, argazkilariak oso hausnarketa interesgarria plazaratu du: “Muga marraren gaineko esplorazio geografikoa da. Muga tokietan paisaiaren eta lurraldearen artean sortzen den tentsioa neurtzeko saioa da. Izan ere, marra fin eta zenbaitetan ikusezin hori da lurra lurralde bihurtzen duena, eta bi ideia hauen arteko talkak pizten ditu mugek sortzen dituzten gainerako tentsio guztiak”.
Baina mugak existitzen al dira? Beti izan ditugu hor? Hauxe dio egileak: “Mugak ez dira betidanik hor eta ez dira beti berdin. Ezagutzen dugun paisaia ere aldatu egiten da, aldatu egiten dugu. Alde horretatik, mugak eta paisaiak kontzeptu arbitrarioak dira biak ala biak, gizarteen arabera aldatzen direnak. Norbanakoen artean ere modu desberdinean ulertzen ditugu bi ideia horiek”.
Lanean hasi zenean baldintza berezi bat jarri zion bere buruari esperimentu arina izan ez zedin: “2014an lan hau egiten hasi nintzenean, baldintza bat jarri nion nere buruari: irudi bakoitza egiteko momentuan argazki makinak muga marraren gain-gainean egon behar zuen nahitaez”. Erakusketa uda guztian egongo da zabalik.

Ekiza musikariaren kontzertua arratsaldeko 16:00etan izango da. Willis Drummond taldeko gitarra eta abeslaria da Jurgi Ekiza (Baiona, 1980) Bere lehen lana Ekiza (Bidehuts) izan zen, bere bakarkako ibilbidearen estreinako urratsa. 0stean, 2016/IX/04 izenburuko bigarren lana plazaratu zuen. Ekizak bere unibertso pertsonalena, biluziena, islatzen du bakarkako egitasmoan. Hala, bakarka egindako kantuetan garapen luzeak nagusitzen dira, tarte lasai eta intentsuagoak uztartuz. Askotan, une kasik isiletan ere murgiltzen da. Entzunaldi aunitz exijitzen dio entzuleari, eta kantautore giroak eta rock pasarteak lotzen ditu.

Larungo Kaiolatik adierazi digutenez, “Aurrerantzean kultur adierazpen ezberdinak sustatzea izango da Kabia kultur espazioaren lekukotza, mugaren bi aldetara egiten denaren leiho izan eta turismoari ostatu bat baino zerbait gehiago eskaintzeko”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button