EZLEKUBAT

Ekiza: “Gero eta plazer gehiago hartzen diot bakarrik jotzeari”

Argazkiak: Amaia Oca.

Willis Drummond taldeko gitarra eta abeslari Jurgi Ekizak (Baiona, 1980) iaz kaleratu zuen Ekiza (Bidehuts) bere bakarkako ibilbidearen estreinako urratsa.
Ekizak bere unibertso pertsonalena, biluziena, islatzen du bakarkako egitasmoan. Hala, bakarka egindako kantuetan garapen luzeak nagusitzen dira, tarte lasai eta intentsuagoak uztartuz. Askotan, une kasik isiletan ere murgiltzen da.
Jurgik ez dio bere buruari mugarik jartzen bakarrik aritzen denean, eta kantuak eta hitzak egiterakoan, bat-batekoari erreparatzen dio gehien; alegia, espontaneoki aritzen da barruan daukana azaltzeko.
Bilboko Euskararen Etxean arituko da martxoaren 23an, 19:30etik aurrera. Horretaz gainera, Willis Drummond taldearen azken lan Tabula rasa ere aurkezten ari da zuzenean.

Iazko urtarrilean argitaratu zenuen Ekiza bakarkako lana. Urtebete igaro eta gero, zein balorazio egiten duzu bakarkako estreinako lan horren harira?

Gehiegikeria iruditu daiteke, baina benetan esperientzia berri hori biziki inportantea izan da ene bizitzan… Erran nezake ene bizitza aldatu duela. Diskoak berak jadanik, bai bere edukiaren aldetik, bai eta bere sortzeko eta gauzatzeko abenturagatik ere, ene buruari buruz gauza anitz ulertarazi, onarrarazi eta deskubriarazi baitit. Eta, ondotik zuzenean aurkeztea, solo formatuan, salto handia izan zen. Hastapenean gogorra izan zen, baina ondotik beharrezkoa bilakatu da… Dudaz betetako norbait naiz, batez ere ene buruarekiko, beraz, ez naiz batere ziur egin eta egiten dudanaren kalitateaz, eta abar… Baina ziur naiz ongi egin dudala urrats hori ematea, ene beldurrei aurre egitea, eta horren bidez, beste amets bat gauzatzea…

Lan horren inguruan, pertsonala zela esan zenuen, eta bat-batekotasunari erreparatu zeniola, batik bat. Uste duzu zaleek ulertu dutela diskurtso pertsonal hori?

Ez dakit musika “ulertu” behar den… Justuki azalpenik gabeko adierazpen bat da hastapenean, eta gero, bakoitzak, eta batez ere nahi duenak, bilatuko dio zentzu bat…, ala ez. Gero, galdera bada Willis Drummond-eko zaleei “mintzatu” eta gustatu zaien diskoa, nik ez dut erantzuna… Normal iduritzen zait Willis zale guziei ez bereziki gustatzea ene bakarkako proiektua… Willis Drummond da talde bat non bakoitzak ematen duen bere aportazioa, eta gure publikoari gustatzen zaiona da preseski gauza komun ala kolektibo hori, ene iduriko… Eta hori ez da ene proiektuan, noski. Aldiz, Willis ezagutzen ala bereziki atsegin ez zuen jende berri batzuk hunkitu ditut ere proiektu horren bidez… Azkenean, ez da garrantzitsuena. Ziur da zale base bat ukaiteak, eta Willis Drummondeko abeslariak izatea lagundu nauela errazago iristeko belarri anitzetara, eta eskertzen da, baina azkenean, zailena da belarritik bihotzera iristea, distantzia labur hori kunplitzea… Edozein gisaz, proiektu horretan, taldearekin bezala, desmartxa berdina da alde honetatik: momentu batean naizena kanporatu. Sekulan ezin da jakin nola jasoa izanen den disko, jasotzailearen kontua baita azken finean.

Eta zuzenean nola funtzionatu du bakarkako proiektu horrek?

Ibiltzen naiz bakar bakarrik, gitarra akustikoa eta ahotsa, eta baita gauza batzuk gehiagorekin. Looper bat, hots pedala bat bukle batzuk sortzeko, horrela, jolasten ahal naiz gitarra ezberdinak baita ahots ezberdinak ber momentuan nahasiz… Ongi funtzionatzen duena, ene ustez, da kanta hauek ez zirela konposatuak izan looper honekin, baizik eta looper-a erabiltzen dela kantek diskoan duten erliebea mantentzeko. Ez dakit argi naizen, baina bon… Beti bezala: askoz hobe ikustea eta entzutea ulertzeko zertaz ari naizen. Orokorrean funtzionatzen duen ezin dut nik baloratu. Nik erraten ahal dudana da gero eta plazer gehiago hartzen diodala, aldi oro esperientzia indartsua baita holako momentu bat partekatzea jendearekin. Kasu gehienetan espazio txiki-txikia konpartitzen dugu publikoarekin ere, eta hori gustatzen zait…

Lehen urrats horren finantzaketan lagundu zutenentzako kontzertu berezia egin zuen, Amanita estudioan, eta orain, saio akustiko hura plazaratuko duzu. Zein helbururekin plazaratuko duzu?

bH036-LP gauzatzeko, crowdfunding kanpaina bat abiatu nuen. Garaian, ez nekien oraindik disko hori joko nuenetz, eta egiten bazen, ze formatuan eginen nuen. Egoera horretan, proposatu nuen altura handian lagunduko nindutenentzat kontzertu pribatu bat eskaintzea… Ustez zerbait berezia eta bakarra izanen zela. Arazoa da geroztik hasi naizela solo moduan jotzen, eta beraz, holako kontzertu batek ez zuen deus berezirik izanen. Baina, erran dizudan bezala, lehen disko horren kaleratzea zerbait izugarri inportantea izan da ene bizitzan, eta nahi nuen jende hori behar den bezala -edo ahal bezain ongi bederen- eskertu. Erabaki dut kontzertu pribatu bat ematea, baina estudio batean… Horrela, momentua grabatzen ahal nuen eta grabaketa eskaini hor zegoen jendeari. Hori da disko berri horren zergatia… CD artisanal batzuk prestatzen ari naiz 50 pertsona horiei eskaintzeko, eta beste 50 bat gehiago prestatuko ditut kontzertuetan proposatzeko. Digitala ere proposatuko dut postal baten bidez, baita sarean ere, noski. Berriz ere, disko hori da momentu baten isla bat, kontzertu bat beste kontzertu ainitzen artean, ez onena, ez txarrena… Baina kontent naiz publikatzea, ene zuzenekoek ez baitu anitz ikustekorik albumarekin, eta beraz, ongi da egiten dudana entzunarazteko aukera izatea ere. Ez nuke erran behar, ez baitakit ongi hartu behar dudan, baina, bat baino gehiago etorri zait kontzertuen ondotik, erranez nahiago zutela zuzeneko arregloak diskokoak baino! Kar, kar, kar; beraz, pixka bat behartua sentitzen nintzen ere holako zerbait proposatzera, kontzertua ikusten duenak aukera izan dezan esperientzia luzatzeko.

Disko berri hori, gainera, zuk abiatutako Ipar Orratza zigiluaren bidez karrikaratuko duzu. Musika idatzi, jo eta grabatu ez ezik, argitaratu ere egiten duzu. Ze premia izan duzu diskoetxe bat abiatzeko?

Ez dakigu oraindik xuxen zer den I.O., sortu dugunok ere ez. Diskoetxe bat bezala aurkezten dugu, hori baita gaur arte existitu den estruktura klasikoa musika zabaltzeko, baina argi da musikak fase berri bat bizitzen duela sarearekin… Eta musika industriak, musika independenteak bezala, kezka berri batzuk dauzka. Gaur egun, galdera nagusia da, ene ustez, nola iritsi jendeen belarrietara. Goizago erraten nuen bezala, gero belarritik bihotzera iristea da zailena, eta musika zintzoki egiten bada, ezin da deus egin hori lortzeko. Hori da musika eta artearen magia azkenean, fase istorio bat bezala ikusten dut. Sortzailea entzulearekin fasean sartzen bada funtzionatzen du, baina industriaren arma itsusiak ez badituzu erabiltzen, ezin da fase hori bortxaz lortu, kalkulu eta estrategia batzuen bidez, baizik eta benetan existitzen bada sentsibilitate fase hori. Aldiz, lantzen ahal dena, da “nola iritsi belarrietara?”. Eta hori da I.O. bezalako estruktura baten kezka, eta euskal kulturaren eragile askorena ere bai, ene uste apalean. Pasa den urtean, ene laguna Cédric-ek, diskoan baterian jo zuena, erran zidan bere taldearekin (TORII) nahi zutela disko berri bat egin… Iduritu zitzaigun momentu ona I.O. sortzeko, eta dinamika berri hori abiatzeko, nahiz eta, nionen bezala, estrukturaren helburuak eta funtzionatzeko manerak gauzatzen diren proiektuen arabera zehazten ari garen. Hasi gara CD batzuk argitaratuz, baina ez gara horretara mugatuko seguruenik. Kontzientzia daukagu noski, iraganeko difusio tresna bat dela dagoeneko: Interneten bandcamp komuna daukagu, beste formatu batzuk lantzen ditugu (postalak, deskargatzeko kodigoekin) eta etengabeko hausnarketa bat da asmatzea nola zabalduko den musika gaurtik goiti…

Beste talde batzuen diskoak ere plazaratu dituzu Ipar Orratza zigiluaren bidez. Zeintzuk dituzu aurtengo planak?

Xuxen errateko, plazaratu DITUGU! I.O. kolektibo bat bezala funtzionatzen du, talde edo bakarlari bakoitzak badu botz bat… Momentukotz 4 gara: Torii, Bob Xatar, Tristan Mourguy eta gaurtik goiti ekiza. Baina dinamika lasaiki hartu nahi dugu, plazerari emanez lehentasuna, hori baita gakoa. Azkenean, bakoitzak eramaten du bere proiektua, baina saiatuko gara elkarri laguntzen praktikoki, ala promoaren aldetik aldibidez, baita kontzertu batzuk lotzeko ere, beharbada… Asmoa da sustengatzea ipar euskal herriko euskarazko sorkuntza -ala sorkuntza forma bat?- baina gure heinean, xumeki… Ipar Euskal Herria ttipi-ttipia da, eta lagun istorio bat da, batez ere.

Aurtengo planak urtean zehar asmatuko eta gauzatuko ditugu! Kar, kar… Baina badakit Tristan Mourguy-k grabatu behar duela DUAL disko bikoitzaren 2. partea, eta urtean bukaeran kaleratu beharko genuke. Horrez gain, nahi nuke live session serie bat martxan ipini, kolektiboko talde ala bakarlari bakoitzak kanta pare bat grabatuz aldibidez, estetika komunarekin, kolektiboaren ideia sakontzeko eta indartzeko…  Hala ere, egia errateko, aktualitatea ikusiz, lehentasuna ematen diot ene proiektuari eta Willis Drummondi hilabete hauetan, beraz, ez dakit aurten gauzatuko den! Talde berri batzuk nahi lukete estrukturan sartu ere, baina holako erabakiak lauron artean hartuko ditugu, eta 5. bat sartzen bada aldibidez, boston artean erabakiko genuke, etab…

Bestalde, Tabula rasa ere aurkezten ari zara Willis Drummondekin. Ze moduz taldearen fase berri horrekin?

Egia erran, Willis Drummondi gertatzen ari zaigunak pozez betetzen nau. Diskoarekin gu kontent gara, baina batez ere, harrera biziki ona da. Aurkezpen datak biziki ongi pasatu dira eta plazer handia izan da hainbeste leku sarrerarik gabe uztea alde batetik, eta batez ere kontzertuetan egoten den giro eder hortaz gozatzea.  Harritzen nau batez ere ikustea hainbeste jende hitzak kantatzen. Zentzua ematen dio horri denari, benetan… 

Argi dago etengabe ari zarela lanean, jo eta su, musikaren hainbat esparrutan. Musikaz bizitzea lortu al duzu?

Badu aspaldi orain erabaki nuela musika zela ene lehentasuna bizitzan. Atzerapen pixka batekin gaur egun, anitzetan iduritzen zait ez zela erabaki bat izan, baizik eta behar bat, eta ez naiz hemen sortzeko beharra-ren alde erromantikoez. Erran nahi dut musikak eman didala aukera mundu hori aguantatzeko, ala ene burua mundu horretan aguantatzeko, nahiz eta batzuetan pixka bat inpostore sentitu, egia esan, musika da ene bizitza, eta gaur egun, xantza hori dut besterik ez egitea…

Azkenik, nolakoa izango da Bilboko Euskararen Etxean egingo duzun kontzertua?

Ez dakit oraindik zehazki zer eginen dudan baina enetako berezia izanen da ziur, baduelako zenbat hilabete ez dudala jo bakarrik orain, eta gogo handiarekin nator. Gainera, harreman zinez berezia izan dut beti Bilborekin, hiri horretan etxean sentitu bainaiz beti, nahiz eta ezin azaldu zergatik. Musikan, bizitzan bezala, dena ezin da azaldu, eta jakin behar da gozatzen aukera dagoenean. Bilboz gozatzera nator…

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ONARTU
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu