Nontzeberri

Ekaitz Goienetxeak “Zazpi Kale Saria” jaso du

Iazko Igartza Saria jaso zuen Ekaitz Goienetxearen (Miarritze, 1982) Zaldi Mamarroa (Elkar) egitasmoak. Liburuak 1980ko hamarkadako  drogen inguruko garaia jorratzen du, Euskal Herriko kostaldean kokatuta dagoen herri batean.

Gaur berton idazle gazteak, Bilboko 48. Liburu Azoka dela eta, Zazpi Kale Saria eskuratu du. Xabier Mendiguren editoreak, Udaleko kultura zuzendaria den Iñaki López de Aguiletak eta azokako arduraduna den Asier Muniategik lagunduta izan da Ekaitz  Goienetxea.

Bertan aipatu dutenez, idazle gaztea eta berria saritzea izan da aurtengo sariketa honetako nobedadea, izan ere proposamen berriak eta interesgarriak dira saritu beharrekoak. Mendigurenek esan du “plazera izan da lan hori argitaratzea, erraza, sorpresa eta deskubrimientoa, lan fresko eta indartsua delako”. Ekaitzek esan du hurbildu zaion jendeak esan diola asko gustatu zaiola.

Nobela korala da, 1980ko hamarkadako drogek euskal gizartean izandako eragina jorratzen duena, fikzionatutako hainbat lagunek egindako testigantzen bitartez. Horrekin batera, egungo gazteen izaerarekin ere lotzen du iraganeko kontakizuna. Errealismo zikin hori zertzelada poetikoekin apaintzen du Goienetxeak. Elkar argitaletxearen arabera, “(…) gordina eta zikina, lirikoa eta ederra bestetik”.

Honatx Ekaitzen idazkeraren lagin txiki bat: “Burdinazko kateen kirrinka eta tuklunka metalikoak. Txikoten sokatira teinkadak eta intziriak. Plastikozko buia zanpatuen igurtzi eta aiene desinflatuak. Goma baten flap kolpea besoko azaleraren kontra”. Soinuz betetako letrak dira, bai eta musikaz jositako kontakizuna ere.

Ekaitz Goienetxea kantinaria eta komunikazio behargina da. Gabriel Aresti ipuin sariketa irabazi du, eta Eslovenian literatur egonaldi bat ere egin du, Beste Hitzak programaren bitartez. Zaldi mamarroa bere lehen lan luzea da.

Exit mobile version