EZLEKUBAT

Ekaitz Goienetxea: “Ez diot batere baliorik ematen ibilbide bezalako ideiei”

 

Ekaitz Goienetxea kazetari eta idazle bizkaitarrak Igartza saria irabazi du Karramarroa trostan obrarekin. Duela bi urte, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen duen Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren XXXI. sariketa ere irabazi zuen Olatuak hausten diren lekua lanarekin. Sariketa horretan, epaimahaiak ematen dituen accesitetako bat ere idazle berarentzat izan zen, Zorionak izeneko ipuinagatik. Sari asko eta emozio piloa. Hori guztia nola kudeatzen duen jakiteko berbetan egon gara berarekin. 

Azken boladan sariketa askotan aurkeztu dituzu zure lanak. Idazle porrokatu bilakatu zara? Zer ematen dizute sariketok?
Porro zer? Ez, ez. Duela bi urte Gabriel Aresti ipuin lehiaketara bi narrazio aurkeztu eta biak saritu zituzten, eta ordukoan irakurketa bi egin nituen nik: batetik, bi narrazioen artean bost urteko diferentzia zegoela eta beraz, izatekotan, idazle alper xamarra nintzela; bestetik, horietako bat beste hamaika sariketara aurkeztu eta sekula ezta aipamenik ere jaso gabea zen, harik eta halako batean, zer eta beste sari haiek guztiak baino handiagoa jaso. Zortea ere badago, sekula ez dakizu epaimahaikoei zer gustatuko zaien edo zure lanekin batera nork eta zelakoak aurkeztuko dituen. Beste bi “sariak”, Beste Hitzak beka eta Igartza Saria, sorkuntza lan bat gauzatzeko laguntzak dira, eta hori da eman didatena: orain arte alper ibili den idazleari literaturan denbora eta ahalegin gehiago dedikatu ahal izateko aukera. 

Sariketa horietan lan txukunak aurkeztu dituzu, eta azkenari esker liburua plazaratuko duzu. Nolakoa izan da orain arteko ibilbide literario hori?
Ideiak asko eta sarri edukitzen ditut, badaukat halako inkontinentzia kreatibo bat, baina beti dira tabernako paper zapi batean apuntatuta geratzen diren ohartxoak, asko jota. Gero horri denbora dedikatu behar zaio, diziplina errutina bat, ez dena hain berezkoa eta pertsonalki asko kostatzen zaidana. Badiotsuet, orain arte bi narrazio neuzkan idatziak, batetik bestera bost urteko diferentziarekin, gero landu dut beste narrazio bat Eslovenian bi hilabeteko literatur egonaldiari esker, eta oraingo honetan urtebete daukat nobela bat garatzeko. Bidean geratu dira hamaika ideia eta asmo gehiago, oharren artean ahaztuak.

Karramarroa trostan lanarekin Igartza saria eskuratu duzu. Zer kontatuko duzu proiektu horretan? Nolako inspirazio-iturriak harrapatzen edota erabiltzen dituzu zure proiektuetarako?
Bermeon bertan “zaldia” edo heroinaren sasoiari buruz entzundakoak dira inspirazio iturri nobela proiekturako. Aspaldi hasi ginen interesatzen, eta behin radarra aktibatzen duzunean hori gertatzen da: hortik aurrera gaiari buruzko kontuak besterik ez dituzu ikusten zure inguruan. Horiei heldu, landu, garatu eta fikziora eramango ditugu. 80ko urteen bueltako kontuak, beraz, kostaldeko herri batean, gaur egungo ikuspegitik. Protagonista, Izaro, 23 urteko neska bat da, gurasoak yonkiak izandakoak eta taberna batean lan egiten duena, ikasketak ordaindu eta etxera ekarpen ekonomiko apur bat egiteko. Haurdun geratuko da neska eta abortatzeko erabakiaren berri gurasoei ematen dien egunean kokatzen da nobelaren hasierako kapitulua.

Orain arte ipuinak idatzi dituzu. Lan narratibo luzeago bat egiteak zorabio pixka bat ematen al dizu?
Diziplina handiagoa eskatuko du, zalantzarik gabe. Bada ardura sentsazio handiagoa, baina, era berean, sariak ere badu halako segurtasun puntu bat: badakit hurrengo urtea horri dedikatu ahal izango diodala eta, derrigor, dedikatu behar izango diodala. Laguntzen du motibazioan. Eta estutu ere bai. Bietatik.

Udaberrian Eslovenian izan zinen egonaldi literario batean. Zer-nolako esperientzia izan zen? Literaturarekin duzun harremana sendotu ahal duzula esan dezakezu?
Esperientzia, pertsonaki, zoragarria: lekua, pertsonak, garagardoa (mon dieu, ze gozoa)… Literaturari dagokionez, berria, erabat, niretzako. Han, gehienbat poesia zaleak ezagutu nituen eta, beraz, olerkietara begira egon naiz gehiago, nire sorkuntza proiektua narrazio bat zen arren. Horrez gain, hainbat errezitaldi, hitzaldi, kafe-solasaldi eta elkarrizketa ere antolatzen ibili ginen, apur bat inprobisatuz jendeak eskatzen zigunaren arabera, euskarari eta euskal literaturari buruzko interes izugarri handia erakutsi baitziguten. Idazten baino, horretan eman genuen denbora gehiago: berbetan.

Egin beharreko lanak ideia berrietarako indar guztia kenduko dizu, edota etorkizunerako beste asmo literarioren bat baduzu?
Sorpresa galanta hartu nuen Igartza eman zidatenean. Oraindik baditut aurretik ere amaitu beharreko beste erredakzio lan batzuk, nire ohiko tabernari lanaz aparte (Bermeon, Talako Kantinan –autobonborako aukera ematen bazait–). Hemendik aurrera beste ezer berririk ez dugu abiatuko, nobelari neurri segurua hartu arte behintzat. Gero gerokoak. Eta geroko horiek batek daki non kokatuko ditugun: literaturan, ostalaritzan edo astrologian. Ez dit ardura larregi. Ez diot batere baliorik ematen “ibilbide” bezalako ideiei, ez profesionalki ez sorkuntzan.  

 

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button