ARTEA

Ekainetik aurrera berriz izango dira sortzaileak Tabakaleran

“Zalantzez betetako garai honetan, sortzaileengandik hurbil egon eta euren jarduna laguntzeko konpromisoari eutsi behar diogu” horixe da Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren helburu nagusia. Eta hori lortzeko, sektoreko profesionalei zuzendutako eskaintza eta baliabide guztiak berraktibatuko dira ekainaren 1etik aurrera.

Hortaz, alarma egoeraren ondorioz itxi zen Sortzaileen Guneak ateak irekiko ditu, eta zentroan aritzen diren egoiliarrak eta sortzaileak berriz itzuliko dira babes-neurri guztiak bermaturik.

Gainera hainbat ekimen abiatuko dira, tartean, Gasteizko Artium Arte Garaikideko Zentro-Museoarekin lankidetzan, JAI, Praktika Artistikoentzako Institutua, zeina Sortzaileen Gunean behar diren baldintzetan gauzatu ahal izateko egokituko den. Izena emateko epea maiatzaren 25era arte egongo da zabalik.

Beranduago, irailean,  Sortzaileen Guneko egoiliar berriak iritsiko dira: Lisa Tan eta Estanis Comella (proiektu artistikoa), Mikel Escobales eta Milena Rossignoli (elkarlanean egingo dute egonaldia), eta Laura Maioz eta Manu Muniategiandikoetxea (belaunaldien arteko lankidetzarako egonaldia).

Horretaz gain, Ikusmira Berriak ikus-entzunezko proiektuei laguntzeko Tabakalerak, Donostia Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak antolatutako programak edizio berria izango du 2020an.

2deo programa ere zabalik dago, euskarazko ikus-entzunezko laborategia ikus-entzunezko sektorean lan egiten duten profesionalei zuzenduta dagoena. 2deo-k garatzen duen programaren barruan, 2deo Saria nabarmendu behar da, ikus-entzunezko prototipoak garatzeko deialdia, ekainaren 8ra arte zabalik jarraituko duena.

Tabakaleraren webgunearen bidez eskuratu dezakezue ekimen horien gaineko informazio guztia

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button