Nontzeberri

EHZ jaialdia nomada egin da

Euskal Herria Zuzenean festibalak formatu berezia izango du aurten, izan ere, hiru data eta hiru toki ezberdinetan egingo da: ekainaren 29an, Baigorriko Plaza Xokon; ekainaren 30ean, Ibiakoitzez, Baionan, eta, azkenik, uztailaren 1ean, Itsasuko Atharrin.

Jaialdiaren antolatzaileek iragarri dutenez, aurtengoa “trantsizio urtea” da. “Gure ekain bukaerako asteburuak formatu berezi bat ere hartuko du. Lekorneko zelaietatik, ipar Euskal Herriko xoko ezberdinetara eginen du jauzia. Izan ere, festibal ibiltaria izanen dugu aurtengoan”.

Egitarauaren harira, ekainaren 29an, Huts Teatroaren Hozkailua lana ikusi ahalko da. Horretaz gainera, Kukai eta Gelajauzia dantza-konpainiek haien ikuskizunak aurkeztuko dituzte. Musikak ere izango du bere lekutxoa, Doctor Mephisto soul-blues talderen eskutik.

Ekainaren 30ean, musika estilo anitzez gozatzeko parada izango da: “Afro-folk estiloan Kolinga bikotea, Baionako Le bal du samedi soir DJ kolektiboa, Donostiatik etorritako Pelax, Yassassin taldearen rock indartsua baita Casey rap kantari engaiatua”.

Azkenik, uztailaren 1ean, askotariko ikusgarriak izango dira: Atx Teatroa konpainiak Bihotz Salataria obra taularatuko du; Arberoako txaranga; Elirale konpaniaren Bihotz2 dantza-lana; Chicken Street zirku-konpainiaren Poilu edo Foisis Jaunak taldeak Itoizen kantuekin onduko du kontzertua.

Egitarauari buruzko detaile guztiak: eke.eus.

Exit mobile version