MUSIKA

Ehundik gora lagunen disko kutunak

Gernikako gaztetxean egin ohi den Kafe eta Galletak ekimenak (disko entzunaldia eta kontzertua) egitasmo berri bat abiatu du: Kafe Aleak liburua. Liburuak 121 pertsonak idatzitako 121 diskori buruzko testuak biltzen ditu. Soinudun aleok atzo goizean aurkeztu zituzten Bilboko ANTI- liburu-dendan. Aurkezpenean disko forumeko antolatzaile eta liburuaren arduradunak diren Leire Lopez eta Ibon Rodriguez izan ziren.

Egitasmoaren arduradunek azaldu dutenez, liburu honen bidez musika zaleei eman nahi izan die hitza eta protagonismoa. Izan ere, ikus-entzuleek kontzertuetan agertu ohi duten jarrera pasiboa apurtzea izan da xede nagusia. “kontzertuetan gertatu ohi den banda aktibo eta publiko pasiboaren dikotomia hori txikitzea”.

Liburuan idatzi duten pertsonak Kafe eta Galletak disko forumean izan den publikoa da gehienbat, bai eta gertuko lagun asko ere. “Denak miresten ditugu; musikak eman digun gauzarik onena bidean ezagutu ditugun lagunak dira”. Horrela egile guztiek askatasun osoa izan dute euren disko kutun bat hartu eta nahi zuten sormen lana egiteko. Batzuk disko kritika klasikoen itxura daukate; beste batzuk, olerkiak dira; eta, azkenik, emaitza estetikoagoak ere badira, tartean, irudi edo argazki bihurtu diren diskoak.

Hala, ondoko talde eta artisten gaineko testuak jaso dituzte, The Smiths, Bikini Kill, Bap!, Fugazi, Palace, Marvin Gaye, Chavela Vargas, Benito Lertxundi, Lole y Manuel, Dut, Janis Joplin, J.S. Bach, Tom Waits, eta Ruido de Rabia, besteak beste. Edukiari dagokionez, ez dute analisi sakonik egin. Dena dela, emakumezkoen disko gutxi daudela, “gehienak emakumezkoek idatzitakoak”, eta artista beltzak oso urriak direla nabarmendu dute. Bertaratutako kazetari batek, diskoen erdia 90eko urteetatik gaurdainokoak direla gehitu du. “Azterketa lan hori kazetarion lana dela iruditzen zaigu”, esan dute. Haatik, aurrerantzean, euren partetik, edukiari buruzko lanketa egitea ere ondo legokeela azaldu dute.

Idazleei dagokienez, askotarikoak dira, hala nola, kazetariak, idazleak, musika zaleak, teknikariak, eta abar. Izen batzuk aipatzearren: Iban Zaldua eta Beñat Sarasola idazleak; Slavoj Zizek pentsalaria, Mikel Lizarralde, Gotzon Hermosilla eta Eduardo Ranedo kazetariak; Txema Agiriano MEM jaialdiaren antolatzailea, eta Miren Jaio arte kritikaria. Dena dela, proiektuaren buruek ez dute izenik eman nahi izan aurkezpen ekitaldian, “guztiak maila berean daudelako”.

Autokritika

Autokritika egiteko parada ere izan dute Leirek eta Ibonek. Izan ere, egileen %25 baino ez dira neskak, hau da, 30 bat. Biek argi utzi nahi izan dute euren ekimen guztietan ikuspegi feminista txertatzen dutela, eta horren harira, kezka agertu dute. “Emanaldietako publiko gehiena emakumezkoa da; ordea, testu hauek egiteko ezezko gehien emakumeengandik jaso dugu”, azaldu du Leirek. Egoera hausnarketarako gaia ere badela azpimarratu du.

Orotara 140 lagun inguruk parte hartu dute liburuan, tartean, iruzkin egileak, maketatzaileak, ilustratzaileak eta itzultzaileak, eta bi urte luzeko lana izan da. Guztia Creative Commons lizentziapen egin dute. “Partekatzea kultura aberastea baita”, nabarmendu du Lopezek. Hala, autoedizioaren eta autogestioaren aldarrikapen zintzoa egin dute biek ala biek.

Proiektua finantzatzeko aurresalmenta eta mezenas bidezko laguntza sistemak abiatu dituzte. Liburua erosteko edo mezenas izateko moduak ondokoak dira: Batetik, aurresalmenta, nahi izanez gero, 14 eurotan eros daiteke liburua; bestetik, mezenasak edo laguntzaileak, Laguntzaileon zeregina izango da gutxienez 3-4-5… liburu erostea, prezio merkeagoan, ondoren gehienez 15 euroan saltzeko (edo oparitzeko, erosleak nahiago duena). Jendearen erantzuna “itzela” izan dela nabarmendu du Ibonek.

Egitasmoarekin loturiko zehaztasun guztiak kafeaetagalletak.net webgunean biltzen dira, eta hor ere liburuaren edukiak irakur daitezke.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button