LITERATURA

Ehun urte Blas de Otero jaio zela

Gaur berton, ehun urte beteko zituen 50eko hamarkadako ahotsik azpimarragarrienetakoa izan zen Blas de Otero (1916-1979) olerkariak. Ospakizun hori dela eta, egilearen olerkien irakurketa egingo da gaur goizean.

Horrez gain, gaur arratsaldean, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan Bernardo Atxaga eta Joan Margarit egileek Blas de Oteroren zenbait poema errezitatuko dituzte. Atxagak, Andrés Urrutia Euskaltzaindiako presidenteak euskarara itzuli berri duen Istorioak, alegiazkoak, nahiz egiazkoak lanaren parte bat irakurriko du.
Bidebarrietako Liburutegiak ere egilearen gaineko erakusketa bibliografikoa jasoko du gaurtik aurrera.

Laster barru gainera (martxoaren 21ean Poesiaren Munduko Eguna) Historia (casi) de mi vida lanean oinarrituta dagoen eta Ramon Bareak zuzendu duen antzezlana estreinatuko da Azkuna Zentroaren auditorioan. Antzerkirako moldaketa lan horretan José Fernández de la Sota poeta bilbotarrak ere hartu du parte.

Eta gaur ere, data honekin bat etorriz,  Blas de Otero-Bilboko Hiria Poesia Sariaren IX. Ediziora lanak aurkezteko epea zabalduko da. Sariaren helburua literatura sorkuntza sustatzea eta hiriak emandako egile garrantzitsuenetako baten irudia Bizkaiko hiriburuko biztanleei hurbiltzea da. Sariak 5.500 euro banatuko ditu bere modalitate bakoitzean, euskaraz eta gaztelaniaz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button