MUSIKA

EH Sukarra, melodien ehiztari

 

Mikel Gorosabelek EH Sukarraren lan berria, Azken gezia (Oihuka), aurkeztu du gaur goizean Bilbon, Oihuka eta Elkar argitaletxeko ordezkari Anjel Valdesen laguntzarekin. Ekitaldian EH Sukarrako gainerako bi taldekideak ere izan dira: Loiola Madera bateria-jotzailea eta Axier Garai baxu-jotzailea.

Gorosabelek Asier Serrano idazlearekin batera idatzi ditu lan berri honetako bederatzi kantuak. “Anaia bat da, taldearen baitan dago, azal berak hartzen gaitu”. Hala, musikariaren eta idazlearen arteko mekanismo egokia sortu da oraingoan ere. “Testuak barneratu ahala, kantak ateratzen dira”, nabarmendu du musikari eibartarrak.

Disko honetan “inspiratua” sentitu da musikari eibartarra; hortaz, doinuak sortzeko orduan “libre” ikusi du bere burua, eta emaitza “freskoa” atera da. Kantuotan rock da nagusi, baina pop eta psikodelia trazak ere antzematen dira. “Melodien ehiztari bat naiz, doinu polit bat noiz etorriko zain”. Halere, kantuetan baino diskoan pentsatzen du. “Iraganeko ikusmoldeak ditut, eta diskoaren osotasunean pentsatzen dut”.

Hamar urteko isilunearen ostean argitaratu zuen EH Sukarrak Uhinak diskoa 2013an. “Hamar urtetan egindako kantuen bilduma izan zen, altxor bat”. Disko hori, halaber, bultzada bat izan da, Gorosabelentzat. “Uhinak egin eta gero, ohartu nintzen musikaren esparruan dena zegoela aldatuta, eta disko horrek lagundu zidan egoera berria ulertzen”.

Ataka berri horren aurrean, lantaldearen garrantzia aldarrikatu du: musikariak, diskoetxea, promozioa… “Horrela, norberaren rolaz bakarrik arduratzen zara, menperatzen ez dituzun esparruetan sartu gabe”.

EH Sukarrak urriaren 30ean aurkeztuko ditu lan berriko kantuak Donostiako Doka aretoan. Gero, azaroaren 7an, Zornotzan izango da;  27an Gasteizko gaztetxean, eta, amaitzeko, Garesen, 28an.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button