BESTELAKOAK

Egungo robotika esparruko azken aurkikuntzak “Hello, Robot” erakusketan, San Telmo Museoan

Robotikak gure eguneroko bizitzan norainoko eragina eta pisua hartzen dituen erakutsi nahi du San Telmo Museoan pasa den larunbatean inauguratu eta irailaren 29ra arte ikusgai dagoen Hello, Robot erakusketak.

Bertan, diseinuaren eta artearen arloko 200 pieza baino gehiago biltzen dira, gizakiaren eta makinaren arteko egungo robotika esparruko “booma” aztertzen duena. Hala, etxean, zaintza lanetan eta industrian erabiltzen diren robotak; ordenagailu jokoak; multimedia instalazioak eta robotak ageri diren filmak eta literatur lanak ere izango dira ikusgai.

Museoko antolatzaileek aditzera eman dutenez, “robotikak gaur egun hartzen dituen askotariko moldeak erakusteaz gain, arlo horrekin lotutako arazo etiko, sozial eta politikoen inguruko gure kontzientzia zabaltzea du xede”.

Gainera, erakusketaren harira bestelako jarduera batzuk ere antolatu ditu museoak. Hala,  ekainaren 29, larunbatetik aurrera bisita gidatuak eskainiko ditu asteartero eta larunbatero: 11:00etan euskaraz, eta 18:00etan gaztelaniaz. Eta baita, uztailaren 13an, bi mahai-inguru, robotika eta neuroteknologiaren inguruan.

Bestetik, Euskal Herri osorako Eraldaketa Digitalerako Bulego gisa diharduen Gipuzkoako Industria Ingeniarien Elkargoarekin elkarlanean, GURE_RBTK erakusketa txikia antolatuko du, uztailaren 12tik irailaren 29ra bitarte, euskal industria-sarearen hainbat soluzio robotiko aurkezteko. Era honetan, San Telmoko erakusketak produktuak banatzeko dronak izan, edota sentsore adimendun nahiz 4.0 Industriaren osagai diren teknologiak izan, azken urteetan robotikak gure eguneroko bizitzan ireki dituen bide berriak ikusteko aukera dakar uda partean.

Informazio guztia, hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button