LITERATURA

“Egilea eta ilustratzailea” izeneko jardunaldiak, Bilbo Zaharra Forum ekimenaren eskutik

Martxoaren 3, 4 eta 5ean, Euskaltzaindiaren egoitzan (Bilboko Plaza Barrian), eta 19:00etatik aurrera, Bilbo Zaharra Forum ekimenak Egilea eta ilustratzailea izeneko jardunaldiak antolatu ditu.

Lehen egunean, martxoaren 3an,  Anjel Lertxundi eta Antton Olariaga bikotea elkartuko da.  Anjel Lertxundi haur-ipuinetako bilduma ugari idatzi ditu; esaterako, Madame Kontxesi-Uribe, Brigada & Detektibe saila. Esan izan ohi da haren Tristeak kontsolatzeko makinak (1981) modernitatea ekarri zuela euskal haur- eta gazte-literaturara. Antton Olariaga 70eko hamarkadan hasi eta gaurdaino lanean diharduen marrazkilaria da. Asko jardun du literaturaren munduan, eleberrietarako ilustrazioak eginez. Baita egunkari eta aldizkarietan ere; esaterako, Berrian, Zakilixuten komiki tirarekin.

Martxoaren 4an, Bernardo Atxaga eta Mikel Valverde juntatuko dira. Bernardo Atxaga haur-ipuin askoren egilea da. Lehenengo etapan, esaterako, Nikolasaren abenturak eta kalenturak , Ramontxu detektibea eta Chuck Aranberri dentista baten etxean idatzi zituen. Geroago, Euskadi Literatura Saria irabazi zuen Xola eta basurdeak liburuarekin eta Bambuloren saila argitaratu zuen. Mikel Valverdek 1995ean hasi zuen Haur eta Gazte Literaturako ilustratzaile-lana, eta harrezkero ez da gelditu. Argitaletxe espainiar hoberenekin argitaratu du, eta haren lana nabarmena da hainbat bilduma ospetsutan, hala nola Atxagaren Xola eta Banbulorenetan.

Azkenik, martxoaren 5ean, Mariasun Landa eta Elena Odriozola arituko dira jardunaldiotan. Mariasun Landak hainbat liburu eta sari ditu; besteak beste, Lizardi Saria, Txan Fantasma lanagatik, Euskadi Saria, Alex lanagatik eta Espainiako Haur eta Gazte Literaturaren Sari Nazionala, Krokodiloa ohe azpian lanagatik. Haren lanak hainbat hizkuntzatara itzuli dira.
Elena Odriozola Euskal Herriko nahiz atzerriko argitalpenetarako lan ugari egindakoa da, eta Euskal Herrian nahiz nazioartean hainbat sari eskuratu ditu, hala nola Euskadi Saria (2009 eta 2013) eta Espainiako Sari Nazionala (2015).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button