Nontzeberri

Egile berriek euskarazko literatura sor dezaten

Iruñeko Udalak Egile Berrientzako euskarazko XXIX. Literatur Lehiaketarako oinarriak argitaratu ditu poesia, narrazio eta bertso-paper modalitateekin. Lanak azaroaren 5a bitarte aurkez daitezke, Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorrean. Deialdi honen xedea da egile berriek euskarazko literatura sor dezaten sustatzea.

Parte-hartzaileek modalitate bakoitzeko lan bakarra aurkeztu ahal dute, gai librekoa, euskaraz idatzia, jatorrizkoa eta argitaratu gabea. Bere izenpean, bakarka, literatur liburu bat baino gehiago argitaratu duten egileek ezin izango dute lanik aurkeztu. Lehiaketa honetako aurreko bi ediziotan modalitate berean lehen saria jaso dutenek ezin izango dute berriro parte hartu modalitate horretan.

Modalitate bakoitzeko lan guztien artean hiru sari banatuko dira, bai eta lau aipamen ere. Guztira 13.000 euro banatuko dira. Modalitate bakoitzeko lehen sariek 2.500 euro jasoko dute; bigarren sariek, 1.000 euro, eta hirugarren sariek, 500 euro. Gainera, aipamen bereziek 250 euroko saria dute.

Datu guztiak hemen kontsultatu ahal dituzue.