Nontzeberri

Edorta Jimenez eta Irati Jimenez, literaturaz

Eztabaidak Literaturarekin zikloak Edorta Jimenez eta Irati Jimenez bilduko ditu, Literatura, familia kontua izenburupeko solasaldia egiteko. Hitzaldia gaur, ekainaren 17an egingo da, euskaraz, 19:30etik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi-aretoan, eta Goizalde Landabaso kazetari eta idazleak aurkeztu eta moderatuko du.

Edorta eta Irati beren esperientzia literarioez, herentziak sortzaile-bokazioan duen garrantziaz, haien arteko afinitate eta desberdintasunez, eta bataren eta bestearen lanen arteko balizko lehiakortasunaz mintzatuko dira gaurko saioan.

Biak idazle oparoa eta interesgarriak dira. Edorta Jimenezek haurrentzako literatura, kronikak, nobela, poesia eta saiakera landu ditu, eta Iratik, kazetaritzako jardun profesionalaz gain, biografia, antzerkia, ipuina eta nobela idatzi ditu.

Hortaz, literaturan diharduten aita eta alaba baten arteko harremanei buruzko solasaldi bitxia izan daiteke gaurkoa.