ESZENA

Edadeko bikote bat etxerik gabe geratzen denean

Gaur, ekainak 21, 19:30ean, kale antzerkia programatu dute Markina-Xemeingo arkupe aurrean. Barsanti Teatrok Kalegorrian izeneko obra eskainiko du. Ikuskizun honek Epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen 2018ko Umore Azokan.

“Edadeko bikote bat etxerik gabe geratzear dago. Berrogei urtez bizi izan dira etxe horretan, auzo horretan, eta gaur, ezkondu ondoren erosi zuten pisua betirako uzteko unea iritsi da. Polizia beren balkoiaren azpian dago, gunea inguratuta dute, eta epailearen agindua betetzeko prest daude. Auzokideak etxe inguruan batu dira, egoera horren lekuko izan eta, beharbada, kexatzeko. Ikusiko dugu azkenean nola amaitzen den kontua. Justizia egingo al da?”

Antzezlanak etxe-gabetzearen gai gogorra umorez lantzen du, kalitate handiko kale antzerkia eskainiz. Umorea da nagusi baina badaude bestelako momentuak ere: aldarrikapenak, momentu hunkigarriren bat eta batez ere, eta sorpresa asko.  Antolatzaileen hitzetan: “Oso ikuskizun dibertigarria, ganberroa eta deigarria da. Ikusi beharrekoa.  Bereziki aipagarria aktoreen lana eta maskaren kalitatea”.

Barsanti taldeko kideak Juanjo Otero, Aritza Rodriguez eta Pako Revueltas dira. Azken horrek ere zuzendari lanak egin ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button