Nontzeberri

Eako Poesia Egunetan, “Aresti beti dago gure artean”

Eako Poesia Egunak hilaren 13, 14 eta 15ean egin dira, Lurra sustraietatik orri lemapean. Kostaldeko herrian, ohi bezala, hitzaldi, errezitaldi musikatu, antzerki, dantzaldi, eta poesiarekin bat egiteko gonbitea luzatu dute antolatzaileek. Geu horietariko batekin mintzatu gara: Asun Landa.

Urtero lelo deigarriren bat hartzen duzue, Eako Poesia Egunak abiatzeko orduan. Aurtengoa, Lurra sustraietatik orri. Zer dela eta?
Lurra zentzu zabalenean hartu nahi izan dugu aurten lelotzat: helmuga batzuentzat (errefuxiatuentzat) eta herrimina beste batzuentzat (migrazioa). Lurraldetasuna, identitatea,… Lur sakonean daude sustraiak eta bi eratakoak dira: batzuk pertsonalak, biologikoak, norberarenak, marka eta zauri propioekin. Beste sustrai batzuk kolektiboak, talde moduan identitate komun bat sustraituta, erro kolektiboak; adibidez, hizkuntza izaera, ohiturak…
Sustraiak endredatzen dira, harremanak sortzen dituzte etengabe. Sustrai horiek lurrean aurkitzen dute indarra, motorra, sustantziak… orriak egiteko,  sustrai horietatik orriak sortzen dira etengabe, udaberrian, sorkuntza da, orri horiek polisemikoak dira: orrialdeak idazleek idazten dituztenak.

Hitzaldiak, errezitaldi musikatuak, antzerkia, dantzaldia… zer nabarmenduko zenuke aurten?
Ezin aukeratu. Mizel Theret ostiral gauean, Mikel Laboaren Lekeitioak, oihua gorputzaren bidez adieraziz, ikaragarri ederra, dantza garaikidea, ohitura bat beharrezko ondo ulertzeko. Baina sentitzea zen gakoa. Norberaren barrua aztertzea.
Hitzaldiak ardatza izan dira aurten. Abiapuntua gure literaturaz eta bizitzaz hausnartu eta sortu. Errezitaldiak: Trizak taldearen musikaz hornituak, Juanjo Olasagarre eta Martin Bidaurren poemarioak entzun genituen.
Parrapean errezitaldia, Bioleta Parraren kantu enblematikoak gogora ekarri zizkiguten. XX. mendeko borroka eta bizipenak, eta denok tarareatu genituen hunkituta Bizitzari Esker kantu zoragarria Ean, larunbat arratsaldean. EME taldeak Joxean Artzeren poemak kantatuz, igandean bezalaxe.
Metrokoadroko Antzerkia propio Earako egina. Bertoko unibertso sinbolikoa erakutsi ziguten, aurreko belaunaldien bizitza, itsaso eta lurraren arteko marra horretan nola bizi ziren bertan geratzen ziren andreak, gizonek itsasora joaten zirenean….

Poesia topaketa da Eakoa. Poema irakurraldietan nortzuk aritu dira. Poeta bereziren bat omenduko da?
Gure Harrikadie aldizkaritxoan hil berri den Patxi Ezkiaga poeta omendu nahi izan dugu. Artzeri dedikatu diogu errezitaldia; EME taldeak bere poemak irakurri baititu itsas ertzean igande eguerdiz.

Hitzaldiek ere garrantzia handiko kontuak dira programazioaren barruan. Gai zehatz baten bueltan ardaztu dituzue?
Hiru hitzaldi eta hirurak oso mamitsu eta berritzaileak izan dira. Miranderen Haur Besoetakoa berrirakurtzeko proposamena egin zigun Amaia Elizaldek, beste ikuspegi batetik, sakontasunean ulertuz sinbolismoa. Beste aldetik, Ibai Atutxak aurtengo hiru liburuen bitartez (Bihotz Handiegia, Azal Errea eta Jenisjoplin) aztertu zuen. Emakumeen mutilazio intimoa eskatzen du gizarte honek, emakumeok presionatuta heriotza intimoa egitera, bestelako emakumeak izan nahi badugu. (Inmolazio hori minez eta nekez sufritzen dugula ohartarazi zuen Miren Agur Meabek aportazio bezala).
Hirugarren Hitzaldia Mari Luz Esteban antropologoa eta poetaren eskutik etorri zen. Des-Okupazioa nola gauzatu orden inposatu honetan. Animaliak eta emakumeak gaur eguneko gizartean jasotzen dugun trataera aztertuz.
Amaitzeko La Basu emakume rap kantari eta dantzariarekin, denok altxarazi eta dantzan amaitu genituen modu alai, elkarrekin eta jai giroan aurtengo POESIA EGUNAK !!!! Ederra izan da!!!

Aurten Gabriel Arestiren figura ere modu batean edo bestean nabarmendu duzue? Nola?
Aresti beti dago gure artean, Ean modu batean edo bestean berrirakurtzen dugu. Miranderen Haur Besoetakoaren lehenengo argitalpena Gabriel Arestiri esker egin zen, aurretik zentsurak debekatuta baitzeukan. Balorean jarri da bera indarra eta ausardia, 1970 urte frankista eta elizkoi hartan, Haur Besoetakoa argitaratzeko erabakia eta ekintza.

Urteroko lan oparoaren emaitza dira egun horiek. Nola laburtzen da egindako ahalegina?
Lan zoragarria dela esango nuke. Magia moduko bat, eta esfortzu handi bat. Dena sortu ezerezetik: eszenatokiak eraiki, muntatu eta desmuntatu egunean, paraje naturalez gozatzeko! Ahalegina egiten dugu egitarau berritzailea egiteko, tradizioa berrasmatzeko, bide berrietatik jotzeko, gurea maitatuz. Eskerrak eman nahi dizkiegu urtero-urtero gurera hurbiltzen diren literatur zaleei, artea eta sorkuntza orokorrean maite dutenei, gurekin bat egiten dutelako Bertan geratu da euren poesia, Ean!

Exit mobile version